Berriak

Atzealdea Hitz Andana, hitzaz liburuetatik haratago gozatzeko proposamena

Irailaren 30etik urriaren 3ra, hainbat ekimen eta HAzoka izango dira gurean

2026·09·22


Hitz Andana jaialdiarekin, hitzaren artea liburu formatutik atera eta hitzaz beste era batzuetara gozatzeko gonbidapena egiten du urtero udal liburutegiak. Aurtengoan, irailaren 30etik urriaren 2ra, hiru emanaldi antolatu ditu. 

Hasteko, bertso saio literarioa izango da hilaren 30ean. Itxaro Bordaren Euri zitalari esker liburutik abiatuta, eta idazlea bera gai-jartzaile lanetan dela, Haira Aizpurua, Sustrai Colina eta Alaia Martin ariko dira bertsotan. 

Urria helduentzako ipuin-kontaketa batekin hasiko da, Ixabel Agirresaroberen eskutik: Erotik, berotik, zerotik.

Ostiralean, urriaren 2a, Miren Agur Meabe poeta eta Ibon RG musikaria igoko dira oholtza gainera, REC poesia irakurraldi musikatua eskaintzera. 

Ekimen guztiak Biteri kultur etxean izango dira, 19:00etan eta doan. Helduentzako ipuin-kontaketa liburutegian bertan izango da. 

HAzoka, "euskarazko musikaz eta literaturaz gozatzeko gunea"

Hitz Andanarekin bukatzeko, Dobera Euskara Elkarteak antolatutako HAzoka, Hernaniko liburu eta disko azokaren seigarren aldia izango da Atsegindegin (urriak 3, 10:30-13:30). Doinuele, euskara hutsezko azoken sareko kide da HAzoka. 

HAzoka "salerosketarako gune bat baino gehiago" izango dela aurreratu du Doberak: "Euskarazko musikaz eta literaturaz gozatzeko gunea izango da". Liburu-postuak, liburu eta disko aurkezpenak, Karabeleko konpartsa txikia, familientzako tailerra, antzerkia eta Arbasoak taldearen kontzertua izango dira goizean zehar. 

Herriko sortzaileek toki berezia izango dute: Ane Aierbek, Maialen Diaz de Ceriok eta Iñaki Sanz-Azkuek Xor eta Beltz ipuina aurkeztuko dute (11:15) eta, Muxin eta Zapotxin pailazoek diskoa (12:00).