Berriak
Atzealdea Hitz Andanak hitzarekin lotutako hiru kultur ekitaldi ekarriko ditu aurten
2025·09·10
Hitz Andana, hitzaren inguruko jaialdia izango da laster gurean. Hernaniko Udal Liburutegiak antolatzen duen jaialdiak disziplina artistiko ezberdinei egingo die toki aurten ere, beti ere hitza ardatz hartuta.
Batetik, Idoia Torregarai idazle eta umoregileak mikroipuinak sortzeko tailerra eskainiko du. 16 urtetik gorakoentzat izango da eta tokiak mugatuak direnez, aldez aurretik izena eman beharko da (liburutegian, irailaren 19a arte).
Castillo Suarez poetaren Alaska liburutik abiatuta sortutako izen bereko ikuskizun poetikoa ikusteko aukera ere izango da. Hitza, musika eta argiak uztartzen dituen emanaldian Suarezek berak, Juantxo Zeberiok eta Xabi Lozanok parte hartzen dute.
Ura gara bidean ikuskizunak, aldiz, Sakabi, Gelatxo eta Elgeta trikitilarien ibilbidea ekarriko du gogora. Horretarako, oholtza gainean batuko dira Oinkari dantza taldea, Iñaki Letamendia perkusionista, Andoitz Antzizar trikilaria eta Izaro Markotegi abeslaria.
Hitz Andana bukatzeko, Dobera Euskara Elkarteak antolatutako Hazoka, V. Liburu eta disko azoka izango da. Hazoka Doinuele, euskara hutsezko azoken sareko kide da.
Ekitaldi guztiak doan izango dira.

