Berriak

Atzealdea Hondakinen kudeaketa jasangarria hobetzeko 117.000 euroko dirulaguntza jaso du Hernanik Europako Funtsetatik

Hondakinen kudeaketa jasangarriaren aldeko apustuari tinko eusten dio Hernaniko Udalak. Europako erakundeek ezarritako irizpideekin bat egiten du Hernaniko ereduak eta horren adibide da Next Generation funtsetatik jaso berri dituen dirulaguntzak. Hartara, Garbigune ibiltaria, bi olio makina eta bi minipuntu erosi eta martxan jartzeko 67.000 euroko dirulaguntza jaso du eta auzo konpostean hobekuntzak egiteko 50.000 euro.

2023·05·30


2022.urteko otsailaren 28az geroztik martxan da Garbigune ibiltaria Hernanin. Zerbitzu honi esker, hernaniarrek errazago eta haien auzoan bertan kudeatu ahal dituzte, tamaina ertaina duten etxeko hondakin bereziak eta asimilagarriak.

Hondakinen bilketarako zerbitzu honekin, errefusa hondakinarekin nahastuta eta edozein kaletan utzita agertzen ziren hondakin birziklagarrien bilketa handitu eta hondakinen jatorriko bereizketa hobetu nahi izan ditu Udalak. Gogoratzekoa da 2020ko “Hernani Erabaki” partaidetza aurrekontuen prozesuan herritarrek haien botoen bidez erabaki zutela Garbigune ibiltaria jartzea.

Diru laguntzak eskuratzeko aurkezturiko hasierako planteamenduan, Hernaniko Udalak 2 Garbigune Ibiltari erostea aurreikusten bazuen ere, hasierako planteamendua aldatu da, izan ere, Garbigune Ibiltariaren bilketa emaitzak aztertuta, bakar batekin nahikoa dela ondorioztatu eta ez du bigarren erremolke bat erosteko beharrik ikusi. Erremolke bakarrarekin herritarren beharrak asetzen dira eta haien auzoan bertan hondakin berezi eta asimilagarriak kudeatzeko zerbitzua eskaintzen zaie, eta Garbigune tradizionalaren irisgarritasunak suposatzen zien desabantailari irtenbidea ematen zaio.

Bigarren erremolkea erosi ordez, hondakin berezi eta asimilagarrien bilketarako 2 “Minipunturen” erosketa eta ezarpena eta etxeko olioa birziklatzeko, sistema integraldun 2 makina "eko 3"-ren erosketa eta ezarpenak hobetsi ditu Udalak. Izan ere, auzo batzuetan horrelako makinarik ez dago eta egun daudenak auzo batzuetatik urrun geratzen dira. Makina berrien ezarpenarekin, auzo horietako herritarren eskariari erantzuna eman eta egungo hondakin berezien bilketa hobetu nahi ditu Udalak.

Hernaniko Udalak Next Generation funtsen bidezko finantzaketa eskuratu du proiektu honetarako.

Proiektu honen aurrekontua: 74.380 €
Europako Next Generation funtsen dirulaguntza: 66.942 €


Auzo konpostean hobekuntzak

Hernanin auzo konposta 2013an martxan jarri zenetik, ez da etxola bat bera ere aldatu, mantenu lan sinpleekin (egurrezko listoi bat edo besteren bat ordezkatzea, itxitura hidrauliko puskatuen aldaketak, etab.) nahikoa izan da etxolak egoera onean mantentzeko.

Hamar urte igarota, ordea, auzo konposta guneen garbitze eta txukuntze lanak egiteko beharra dagoela ikusi da. Izan ere, zenbait etxolen degradazio maila aurreratua da eta ordezkatzeko moduan daude, eta gainontzeko egurrezko etxolei ere garbiketa sakon bat egitea komeni da; egurrezko etxolen garbiketa eta egurraren tratamenduarekin, etxolen biziraupena luzatu nahi da.

Horrez gain, auzo konpostean bestelako hobekuntza batzuk ere egin nahi ditu Udalak. Besteak beste, auzo konpostaren kontrol eta jarraipenerako neurketa tresnak erosi nahi ditu, hautsi ahala ordezkatzeko. Azkenik, auzo konpostan eskuraturiko konposta bahetzeko makina erosiko du Udalak, egun erabiltzen den bahetzeko sistema zaharkitua ordezkatzeko helburuarekin.

Hernaniko Udalak Next Generation funtsen bidezko finantzaketa eskuratu du proiektu honetarako.

Hobekuntzak egiteko lanen aurrekontua: 56.141,44 €
Europako Next Generation funtsaren dirulaguntza: 50.000 €