Hondakinen kudeaketa jasangarriarekiko konpromiso sendo baten errekonozimendua
2023·02·27
Egungo ekoizpen eta kontsumo sistema jasanezina da. Urtero 11.200 milioi tona hondakin sortzen ditugu munduan (Nazio Batuen Erakundearen arabera, pertsona bakoitzak urteko 480 kilo hondakin sortzen du). Kopurua hain den handia, herrialde askotan ezin dituztela hondakinak behar bezala kudeatu eta, horren ondorioz, ingurumena kaltetzen dute (ura eta lurzorua kutsatzen dute). Planetaren berotzea eragiten duten gasen isurketaren eragileak ere badira hondakinak.
Horregatik, Zero Waste mugimenduak funtsezkoak dira, egungo ekoizpen sistema aldatzeko eta, garapen jasangarria lortze aldera, ekonomia zirkularraren aldeko pausoak emateko.
Lan horretan denok dugu ardura eta, Hernanin, tokiko mailan, urrats garrantzitsuak egin dira hondakinen kudeaketa jasangarriaren alde.
Hamarkada bat baino gehiagoko ibilbidea
Zero Waste Europe erakundearen ziurtagiria lortu duen Euskal Herriko lehen udalerria da Hernani. Udalerri honek hondakinen kudeaketa jasangarriaren aldeko politika ausartak egin ditu azken hamarkada honetan. Atez ateko bilketa izan zen abiapuntua. Hurrengo hamabi urteetan konpromiso horretan sakondu du martxan jarri dituen hainbat ekimeni esker. Lan horrek Europako Zero Waste erakundearen onespena izan du orain.
Hiri hondakinen atez ateko bilketa 2010ean jarri zen martxan Hernaniko herrigunean. 2018an, industria-guneetara zabaldu zen hiri hondakinen gaikako bilketa.
Halaber, hondakinen murriztea helburu duten sentsibilizazio kanpainak eta ekintzak ere ugariak izan dira urteotan: Zero Zabor hozkailua (elikagaiak ez xahutzeko) jarri zen martxan herriko bi ikastetxerekin batera; herriko 12 puntutan jarrita dauden minigarbiguneak eta olioa jasotzeko 10 makina; herritarrentzako hondakinen hiztegia, egutegiaren imanak, eskuorriak hainbat hizkuntzetan (euskaraz, gazteleraz, frantsesez, ingelesez, errumanieraz, arabieraz).
Horretaz gain, hondakinei buruzko formazioak (ikastetxeetan, Transpacar-en, EPO-n, Gizakia Helburu, Behemendi); pardel berrerabilgarrien banaketa jaioberrien familiei; saltokietan sortutako hondakinen ikuskapena/kontrola/jarraipena eta aholkularitza-lanak; elikagaien xahutzearen azterketa janari dendetan; Urumea ibaiaren garbiketa eta sakabanatutako hondakin fokuen garbiketa eta prebentzio neurriak martxan jartzea; Terracycle_Idazteko materialen hondakinen bilketa ikastetxeekin batera; hondakinak gaizki kudeatzen dituzten herritarrekin bilerak eta sentsibilizazio kontzientziazio lanak; hondakinak gaika sailkatuta jasotzen direla bermatzeko bilketa bereziak egiten dira bazkari herrikoi eta festetan, eskatzailearen beharrei egokituta.
Gainera, Garbigune mugikorra (hiri hondakinak ez direnen sailkapena errazteko) joaten da auzoz auzo, jai eta herriko bazkarietan baxera berrerabilgarriak herriko taldeen esku jartzen dira, herriko dendetan erosteko oihalezko poltsak eta tupperen kanpainak egin dira, besteak beste.
Eta organikoaren kudeaketari dagokionez, egun konpostaje komunitarioa egiteko 49 etxola daude herrian barreiatuta eta 950 familiak parte hartzen dute. Norberak bere etxean konposta egiteko baliabideak eta formakuntza ere eskaintzen ditu Udalak. Egun, 633 familiek egiten dute autokonposta.
Zero Zabor bidean konpromiso sendoaren erakusleak dira aipatutako ekintza horiek guztiak. Dena dela, horiek baino irizpide eta betebehar gehiago ezartzen ditu Zero Waste Europek Hernanik lortu duen ziurtagiria emateko. Hondakinen kudeaketa lanen arduradun teknikoak aritu dira Zero Waste Europe erakundearen dokumentazio eskaerak asetzen.
Ziurtagiri honek ez du bilketa sistema mota saritzen, baizik eta hondakinen bilketa emaitzak eta horietara iristeko Udalek egindako lana da baloratu eta saritu dena.
Hernaniko Ingurumen eta Hondakinen arloetako teknikari taldeari ELKARRIZKETA
Zer baloratu du Zero Waste Europe erakundeak Hernaniri ziurtagiri hori emateko garaian?
Lehenik eta behin, Udalak Zero Zabor udalerria izateko interesa agertu zuen, Zero Zabor udalerria izateko konpromisoa hartu zuen.
Zero Waste Ziurtagiriaren ebaluazioa puntuazio-sistema baten bidez garatu du Zero Waste Europe-k. Erakunde horrek izendatutako auditore independenteek Hernanira egin zuten bisitetan ziurtagiria lortzeko derrigorrezko irizpideak nahiz hautazko puntuazio-irizpideak hartu dituzte kontuan.
Puntuazio-irizpideak inplementatutako ekintza bakoitzaren anbizioaren eta eraginaren arabera baloratu dira. Puntuen baturak udalerriaren ziurtapen-maila eta ondorengo "izar" kopurua ere definitzen du.
Ziurtagiriaren ondoren, udalek beren jardueraren jarraipena egin behar dute eta urtero hobekuntzak egin behar dituzte lortutako emaitzak hobetzeko. 3 urtean behin auditoretza berriak egiten zaizkie ziurtagiriaren egoera egiaztatzeko. Horren arabera, mailaz igotzeko aukera daukate, gehienez 5 izar izatera iris daiteke.
Azken urteetan Hernaniko udalerrian hondakinen kudeaketaren inguruan egindako lanak banan-banan aztertu ditu auditore taldeak eta horiek lortu duten eragina baloratu da.
Zein onura/ondorio ditu Hernanirentzat ziurtagiri horrek?
Udalak nahiz herritarrek orain arte egindako lanaren errekonozimendua egiten du ziurtagiri honek. Baina, horrez gain, momentu honetan dauden hutsuneak identifikatzen ere lagundu du eta hutsune horiek nola landu ere proposatzen ditu, hau da, prebentzioan, komunikazioan eta hondakinen gaikako bilketan hobetzeko etorkizunerako erronkak finkatzen dituzte.
Nola izan da Zero Waste ziurtagiria lortzeko prozesua?
Zero Waste Europe-k jarritako auditore independenteak iazko abenduan etorri ziren Hernanira lekuan lekuko lanak bertan ikustera. Hondakinen kudeaketan ari diren teknikari, hezitzaile eta biltzaileekin egon dira bakoitzak egiten duen lana ikusi, ulertu eta baloratu ahal izateko.
Horrez gain, Hernaniko hondakinen kudeaketarako erabiltzen diren baliabide nahiz azpiegiturak ere ikusi dituzte: Zero Zabor hozkailua, garbigune mota ezberdinak, hondakin mota ezberdinen bilketa puntuak eta edukiontziak, Garbitaniako instalazioak, auzokonposta-etxolak, landa eremurako ekarpen guneak...
Orain arte egindako lanaren frogatzat hartzeko auditoreek behar zuten dokumentazio guztiaren eskaera egin ondoren hori guztia aurkeztu zaie puntuazioa eman ahal izateko. Aztertu beharreko atalen batean hutsuneak ikusi badituzte horiek ez dituzte puntuatu eta datozen urteetarako burutu beharreko hobekuntza lanen zerrendarako hartu dira kontuan.