Berriak
Atzealdea

Hutsik dauden etxebizitzak alokairu sozialera ateratzeko ekimenak indartu ditu Udalak

Herriko eragileek eta udal talde politiko guztiek osatzen duten Etxebizitza Mahaiak adostu du Bizigune programa sustatzea herrian hutsik dauden etxebizitzen jabeen artean. Bizigune programak erraztasunak ematen dizkie ezohiko etxebizitza bat duten jabeei alokairuan jartzeko. Hernanin ia 500 etxebnizitza daude egoera horretan eta horien jabeei bidali zaie gutun bat programaren berri izan dezaten. Biziguneri buruzko informazio zuzena jasotzeko hitzaldi bat egongo da udaletxean, asteazkenean, hilak 26, 18:30ean.

2020·02·21


Herriko eragileek eta Udalak osatzen duten Etxebizitza Mahaiak adostu du Bizigune programa sustatzea herrian hutsik dauden etxebizitzen jabeen artean. Ia 500 gutun bidali ditu Udalak etxebizitza hutsen jabeei Eusko Jaurlaritzaren programa horren informazio zuzena jasotzeko gonbita egiten.

Xabi Lertxundi alkateak eman du Etxebizitza Mahaiak eskuartean dituen ekintzen berri etxebizitzaren inguruan. "Etxebizitza duina izateko eskubidea oinarrizko eskubidea da. Udalok ez dugu eskumen asko horren inguruan baina gure esku dagoen guztia egiten saiatzen ari gara eskubide hori bermatzeko", azaldu du. Horretarako, hain zuzen, osatu genuen Etxebizitza Mahaia.

"Alokairua da gure politiken ardatz nagusia eta alokairua sustatzera bideratzen ditugu gure ahalegin guztiak. Alokairuak, gainera, soziala izan behar du". Alokairu soziala sustatzeko Udalak hartzen dituen neurriak aipatu ditu alkateak. "Etxebizitza publikoei dagokienez, etxebizitzen promozioetan Udalari dagokion zatian, dirutan kobratu ordez, etxebizitzak edo lokalak eskuratzen ditugu ondoren alokairuan edo zerbitzu sozialetan sortzen diren beharrak asetzeko", azaldu du.

Etxebizitza pribatuari dagokionez, hiru lan lerro daude:

1. Hutsik dauden etxebizitzei ezartzen zaie %100eko errekargua Higiezinen Gaineko Zergan.

2. Alokairuan bizi diren herritarrei zuzendutako diru-laguntzak (219.000 euroko partida bideratzen dugu programa honetara): gazteentzat eta 35 urtetik gorakoentzat, alokairuaren gastuak haien diru-sarreren portzentaia handia suposatzen duenean, karga hori arintzeko. Aurtengo deialdia oraindik irekita dago. Oraindik aurkez daitezke eskaerak.

3. Alokabiderekin lankidetza-hitzarmen bat sinatu dugu Bizigune programa sustatzeko.

Oier Agirresarobe Etxebizitza Arloaz arduratzen den zinegotziak Bizigune programaren inguruko zhaztasunak eman ditu. "Bizigune Eusko Jaurlaritzak sustatzen duen programa bat da eta hutsik dagoen etxebizitza baten jabeei zuzenduta dago. Programa honek jabe horiei abantailak eskaintzen dizkie. Abantaila nagusia da programa honetan sartzen den jabeak ez duela errentamenduaz kezkatu behar, Bizigune kudeaketa osoaz arduratzen baita"

"Abantaila horietaz guztiaz informazioa emateko Udalak gutun bana bidali die Hernaniko etxebizitza huts baten jabe guztiei (ia 500 gutun). Gutunazal horren barruan, Bizigune programaren baldintzak eta abantailak azaltzen dituen eskuorria eta nik sinatutako gutun bat ere bidali diegu. Gure ekimenaren zergaitiak azaltzen dizkiet eta hitzaldi baterako gonbita ere egiten diet", nabarmendu du Agirresarobek.

Hitzaldia Biziguneko arduradun batek eskainiko du datorren otsailaren 26an, 18:30ean, udaletxeko areto nagusian. Inolako konpromisorik gabe parte hartzera animatu nahi ditugu.