Elkartasunez betetako kutxa bat
2020·12·02
Dravet sindromea haurrei eragiten dien epilepsia mota larria da eta gaixotasun arraroa da. Dravet Fundazioak gaixotasuna duten pertsonak eta familiak biltzen ditu eta, gaixotasuna jendartean ikustarazteaz gain, horren ikerketa bultzatzeko dirua ere biltzen du.
Horrela, Fundazioak tokian tokiko erakundeen laguntza eskatzen du idazmateriala jasotzeko. Errotulagailuak, boligrafoak, portaminak, fluoreszenteak, zuzentzaileak… -egun errefusara botatzen direnak- kutxetan jaso behar ditu Udalak, herri ikastetxeen laguntzarekin, eta, ondoren, Udalak emango die Fundazioak Donostian dituen ordezkariei. Horiek TerraCycle Kataluniako enpresara bidaltzen dituzte kutxa horiek eta enpresa horrek orain arte birzkiklatzen ez ziren hondakinak birziklatzen ditu. Dravet Fundazioak birziklatze enpresak jasotzen duenaren araberako dohaintza jasotzen du eta diru horrekin gaixotasunaren ikerketa bultzatu eta gaitzaren diagnostikoa garaiz eta modu egokian antzemateko probak finantzatzen dituzte.
Hernaniko Udalak ekimenarekin bat egin du gaixotasun arraro hori duten pertsonak eta familiak lagundu eta ingurumenaren zaintza uztartzen dituelako. Horrela, Udalak aste honetan bertan ekin dio ekimenari, eta herriko ikastetxe guztiak parte hartzen ari dira: Elizatxo, Urumea, Langile Laubidieta, Aratz eta Ereñotzuko Txirrita herri eskola.