Berriak

Atzealdea Ikatz Gane proiektuaz

Hernaniko Udalak eskura dituen baliabide guztiak jarriko ditu Parke Eolikoaren proiektua aztertu eta alegazioak aurkezteko

2026·02·27


Enigma Green Power enpresaren Ikatz Gane proiektua jendaurrean jarri zuten otsailaren 23an. Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak Parke eolikoaren inguruko aurretiazko administrazio baimen eskaera eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazio prozedura jarri ditu ikusgai, baita hari lotutako azpiegiturena ere. Hernaniko lurretan aurreikusten da proiektua, Aranoko mugaren inguruan.

Oraingoz ez dago ez behin betiko baimenik, ezta egikaritze-faserik ere; beraz, ez da inongo erabakirik hartu. Enpresa baten hasierako eskaera da eta Parke eolikoaren proiektuak ez du oraindik onarpenik jaso dagokion erakundeen aldetik. Prozedura administratiboa lehen fasean dago, eta oraindik ez da zehaztu proiektua aurrera eramango duen ala ez.

Aste honetan ireki da alegazioak aurkezteko 30 eguneko epea eta Hernaniko Udalak jakinarazten du eskura dituen baliabide guztiak jarriko dituela proiektua aztertu eta alegazioak aurkezteko. Txosten tekniko hauek proiektuak bioaniztasunean eta faunan izan dezaketen eragina kontuan hartuta egingo dira bereziki, baina baita beste esparru ezberdinetatik ere, besteak beste, hirigintza, ondare edo arlo juridikoaren ikuspegitik.

Honi lotuta, interesa duen herritar orori alegazioak aurkezteko gonbidapena egin nahi zaie, herritarrek zuzeneko informazioa jaso eta zalantzak argitzeko udalaren komunikazioa bideak eskaintzearekin batera.

Argi utzi nahi da proiektuaren gaineko eskumena Eusko Jaurlaritzarena dela, eta, ondorioz, informazioa ematea zein azken erabakiak hartzea haren ardura dela, ez udalarena. 

Energia-proiektuak ezin dira ikuspegi tekniko edo ekonomikotik bakarrik landu eta herritarren parte-hartzea izango duen ereduaren inguruko eztabaida publikoa ezinbestekoa izango da. Proiektu horiek trantsizio energetikoaren testuinguruan kokatu behar dira, ikuspegi sozial eta iraunkor batetik begiratuz. Azpimarratu behar da, proiektu hauetakoren batek aurrera egitekotan, gutxienez printzipio hauei erantzun beharko liekeela:

- Azpiegituren kokapenaren inguruko herritarren zein tokiko administrazioaren ekarpenak jaso behar dira, balio handieneko parajeak ekidinez, izan bertako basoetako ekosistema baliotsuak, izan nekazal lur estrategikoak, izan beste balio bereziak izan ditzateken eremuak.

- Tokiko enpresa, tokiko erakunde eta komunitate energetikoei proiektuaren jabetzan parte hartzeko erraztasunak eman behar zaizkie.

- Sortzen den energiaren gehiengoa lurraldeko enpresa, administrazio publiko edo komunitate energetikoen eskuetan prezio justu batean uzteko konpromisoa izan behar dute proiektuaren sustatzaileek.

- Klima-energia legeek ezarritakoaz gain, proiektuen sustatzaileek konpentsazio neurri sorta bat negoziatu beharko dute tokiko erakunde zein herritarrekin, izan biodibertsitatearen onurarako neurriak txertatuz, izan lur zaintzailetza proiektuekin, eta abar. Jaurlaritzak jasotzen duen kanonak ere zentzu hau izan beharko luke.

Honi lotuta, Eusko Jaurlaritzak ez duela plangintza estrategikorik gogorarazi nahi du Hernaniko Udalak, ez energia-ekoizpenari ezta lurralde plangintza ikuspegiari dagokionez ere. Plangintza horiek funtsezko tresnak dira eraldaketa ekosozialaren dimentsio ezberdinetan erabakiak hartu ahal izateko eta tokiko komunitate zein eragileen parte-hartzea bermatuz berehala jarri behar dira martxan, lurralde antolaketa demokratiko bat lortzeko helburuz.