Berriak

Atzealdea Inbertsio handietarako baliatuko du Hernaniko Udalak 2024ko aurrekontuaren gerakina

Ave Mariako arte sorgunea, Portu-Elizatxoko igogailua eta Goi Elizatxoko urbanizazioa dira gerakineko diruarekin udalak finantzatuko dituen egitasmoetako batzuk

2025·04·29


2025eko aurrekontuari 2024ko gerakinaren dirua erantsi dio Hernaniko Udalak: 4,6 milioi euro gehiago, hain zuzen ere. Horrez gain, inbertsio handietarako gordeta zegoen funtseko dirua gehituko zaio aurrekontuari. Beraz, guztira 7,5 milioi euroko kopurua doitu dute 2025eko kontuetan.

Aurtengo gerakinaren zatirik handiena inbertsio handietarako erabiliko du Hernaniko Udalak, agintaldi honetako obrarik esanguratsuenetako batzuk bideratuta uzteko: besteak beste, Ave Mariako arte sorgunea; Portu-Elizatxoko igogailua; Goi Elizatxoko urbanizazioa eta udaltzaingoaren egoitza egokitzeko egitasmoa.

Gerakinaren diru zatirik handiena (1,44 milioi euro) Ave Mariako etxea birgaitu eta sorgunea egiteko erabiliko dira. Bertan egokituko du udalak arte-sormen prozesuak garatzeko arte hezkuntza eta sortzaileen gunea. Etxea birgaituko da 2,2 milioi euroko inbertsioarekin, eta gero bertan egokituko da sormen gune berria, Hernaniko kultur sorkuntzarako espazio berri eta garrantzitsua izango dena.

Gerakineko partida handietan bigarrena Goi Elizatxoko urbanizazioa egitera bideratuko da: 1,1 milioi euro. Portu eta Elizatxo auzoak kaxkoarekin lotuko dituen igogailua egiteko ere 500.000 € jasoko dira gerakinetik, eta horrela, proiektu horrek aurreikusia duen 1,5 milioi euroko guztizko aurrekontura iritsi ahal izango da udala.

Udaltzaingoaren egoitza

Gerakinetik 802.500 € hartuko dira Agustindarren plaza 6ko proiektuari ekiteko. Eraikin horretan dago Hernaniko udaltzaingoaren egoitza, eta obra egingo da hura egokitzeko.

Bestalde, kultur ekipamendu berria martxan hasi den urtea ere bada 2025a, eta horrek bere isla dauka gerakinean ere. Kultur ekipamendurako ideia lehiaketa egiteko partida handitu egin da gerakinarekin, eta modu horretan 600.000 € bideratuko dira ideia lehiaketa martxan jartzera.

Trantsizio ekologikorako garrantzitsua izango den obra bat ere bideratuko du udalak aurtengo aurrekontuetan. Udaletxeko estalkia egokitu eta bertan plaka fotovoltaikoak instalatuko ditu. Proiektu horretan 619.570 €ko inbertsioa egingo du udalak.

Elikadura burujabetzarako estrategikoa den inbertsio bat ere bideratuko da. Karabeleko lurrak erosiko ditu udalak 330.000 €rekin. Bertan, nekazaritza eskola eta elikadura burujabetzarako proiektuak garatuko ditu eta etorkizuneko gerriko agroekologikoaren oinarria izango da.

Bestalde, Urbieta kalearen oinezkotzeko proiektua idazteko 46.500 € bideratuko dira. Orain arte oso emaitza onak eman ditu Urbietako behin-behineko oinezkotzeko planak, eta honekin behin betikotu nahi da esperientzia hori, kale hori oinezkoentzat betiko irabaz dadin.

Aipatutako proiektuez gain, beste hauek ere finantzatuko ditu udalak gerakinarekin: udal langileen belaunaldi erreleboa (200.000 €); ikastetxeen Eskola Kiroleko defizita estaltzea (24.625,79 €); Atarrabiyo parkea (200.000 €); Portu auzoko saneamendua (420.000 €); Kaxkoko zuntzaren 2. fasea (30.000 €) eta Arrigoingo parkineko sarrera-irteerak kontrolatzeko sistema (25.000 €).