Berriak
Atzealdea

Indarkeria matxistaren aurkako eguna dela eta, erakunde adierazpena

Adierazpen honen bidez, udal hautetsiek indarkeria matxista prebenitzeko eta aurre egiteko konpromiso zehatzak hartzen dituzte. Era berean, gaur, 19:00etan, mugimendu feministak deitu duen mobilizazioan parte hartzeko deiarekin bat egin dute.

2019·11·25


Azaroaren 25a (Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Eguna) dela-eta, indarkeria mota honen egitura-izaera nabarmentzen dugu, eta gure konpromisoa agertu nahi dugu indarkeria matxistarik gabeko jendarte bat eraikitzeko. Era berean, nazioarteko esparru juridikoarekin bat etorrita, berresten dugu beharrezkoa dela ekintzak proposatzea esku-hartzearen alor guztietan: prebentzioa, hautematea, arreta, babesa, koordinazioa eta justizia, arreta berezia jarrita biktimei eta bizirik atera diren pertsonei erreparazioa ematean.

Biktimei erreparazioarako printzipioak berekin dakar biktimak eskubide-urraketa bizi aurreko egoerara lehengoratzeko beharrezkoak diren ekintzak martxan jartzea. Indarkeria matxistaren biktimen kasuan, xedetzat hartzen da biktimaren bizi-baldintzak funtsean hobetzea, urratutako eskubideengatik erreparazioa jasota eta eragindako minetik berrezarrita. Era berean, ahalduntze-prozesua bultzatu behar da, indarkeria-egoerari aurre egiteko gaitasuna eta autonomia indartu dezaten.

Tokiko gobernuek biktimei arreta eskaintzeko alorrean aitortuta dugun erantzukizuna eta eskumena gure gain hartzen dugu, gure herri eta hirietan indarkeria matxista jasaten duten emakumeengandik hurbilen gauden erakundeak garelako. Baina ez da nahikoa indarkeria-adierazpen jakin batzuk aipatu eta salatzea, horrelako gertakari latz bat gertatzen den bakoitzean, gertakaria eragin duten arrazoietara jo behar da, sustraira jo behar da, eta hori egitea erakundeon ardura ere bada.

Giza eskubideez ari gara, alegia, mota guztietako indarkeriarik gabeko bizitza izateko eskubideaz. Eta zeregin hori jendartea osatzen dugun eragile guztiok gure egin behar dugu, hala egiten ez badugu, indarkeria matxistari eusten jarraituko dugulako. Denon erantzukizuna da, beraz, bakoitzaren eragin-eremutik aurre egitea.

Horregatik, indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko egun honetan, Hernaniko Udaleko ordezkari moduan honako konpromiso zehatz hauek hartzen ditugu:

1.- Hernaniko Udalak bere egiten du Emakumeen Munduko Martxak bultzatutako indarkeria matxistaren aurreko erantzun-protokoloa.

2.- Hernaniko Udalak Foru Aldundiari eta Emakunderi eskatzen die emakume eta gizonen arteko berdintasunaren alorreko aurrekontu-partidak handitzeko, berdintasun-zuzendaritzak eta epaitegi espezializatuak modu iraunkorrean sendotzeko eta indarreko legeria berraztertzeko konpromisoa hartzeko.

3.- Hernaniko Udalak erraztuko ditu herritarrentzako eta, bereziki, emakumeentzako dauden baliabideen gaineko informazioa eskuratzeko bideak. Era berean, dagokion lurraldean indarkeria matxistaren kontrako zerbitzu-sarearen funtzionamendu egokia, elkarlana eta koordinazioa bultzatuko du, beti ere, adin txikikoak eta biktimen seme-alabak kontuan hartuz.

4.- Hernaniko Udalak neska gazteei eta emakume helduei zuzendutako jabekuntza eskolak antolatzen jarraituko du.

5.- Hernaniko Udalak nerabeei eta gazteei zuzendutako sentsibilizazio eta formazio jarduera iraunkorrak mantenduko ditu emakume eta gizonen arteko harreman parekideak sustatzeko xedez, zehazki, hezkuntza sexu-afektiboa lantzeko, indarkeria matxisten askotariko adierazpenak desnaturalizatzeko, baiezko onespena lantzeko, maskulinitate ereduak lantzeko, etab.

6.- Hernaniko Udalak indarkeria matxista jasan duten emakumeen erreparazio eskubidea lantzeko jarduera iraunkorrak martxan jarriko ditu, hala nola, omenaldiak, zine-forumak, bisibilizazio ekimenak (kaleen izenak edo jardunaldiak, kasu), kalte-ordainketak eta akonpainamendu soziala.

7.- Erakunde honetatik, hau da, Hernaniko Udaletik, borroka feministaren alde hartu dugun konpromisoa berretsi nahi dugu, indarkeriarik gabeko jendarte demokratiko bat eraikitzeko bide eta tresna nagusia den heinean. Are gehiago, egun munduan emakumeek lortu dituzten eskubideak murriztu nahi dituzten aukera politikoak etengabe zabaltzen ari diren neurrian.

8.- Bat egiten dugu mugimendu feministak azaroaren 25erako deitutako mobilizazioekin, eta jendarte osoari ere dei egiten diogu mobilizazio horretan parte har dezan.