Berriak

Atzealdea Indarkeria matxistaren aurrean dauden baliabideen gida berritu du Hernaniko Udalak

Sei hizkuntzatan argitaratu da

2024·11·22


Hernaniko Udalak indarkeria matxistari aurre egiteko baliabideen gida berritu du. 2018an argitaratu zuen informazio hori lehenengoz. Ordutik, Hernanin bertan eta herritik kanpo baliabide berriak sortu dira, eta eguneratutako baliabideen gida da Indarkeria matxista: Baliabideen gida. Horien artean dago Kulturarteko Plaza Feminista, non indarkeria matxistari aurre egiten ari diren emakumeentzat hainbat baliabide eta zerbitzu eskaintzen diren.

Gidak sei atal ditu. “Irakurterraza eta argia” izatea izan da helburua, “informazioa behar duen pertsonak modu zuzen eta argian jaso dezan”.

Sei hizkuntzatan argitaratu da baliabideen gida: euskaraz, gazteleraz, ingelesez, frantsesez, urdueraz eta arabieraz. “Laguntza jasotzeko eskubidea emakume guztiek dute, edozein delarik euren jatorria eta egoera administratiboa”.

Baliabideen gida toki publiko hauetan egongo da eskuragarri: Kulturarteko Plaza Feministan; udaletxeko Herritarren Harrera Zerbitzuan (HHZ); udaletxeko Zerbitzu Sozialetan; udatzaingoan; osasun zentroan...

Udalaren webgunean ere eskuragarri dago.

Protokoloa eta informazioa, biak garrantzitsuak

Hernaniko Udalak 2016ko urrian onartu zuen Indarkeria matxista bizi duten emakumeei arreta hobea emateko erakunde arteko II. Jarduketa eta Koordinazio Protokoloa.

Protokoloa bezain garrantzitsua da herritarrek, eta bereziki indarkeriari aurre egiten ari diren emakumeek, egoera hauen aurrean nora jo jakitea, zein baliabide eta zerbitzu dauden ezagutzea. Esaterako, garrantzitsua da jakitea laguntza jasotzeko ez dela derrigorrezkoa salaketarik jartzea.