Berriak

Atzealdea Indarkeria matxistarik eta arrazistarik gabeko sanjoanen aldarrikapena

Udalak, mugimendu feministak eta antiarrazistak, Txosna Batzordeak eta, ostalari eta merkatariek mezu bateratua helarazi dute festen atarian

2026·06·19


Hernanin urteak daramatzagu jaietan indarkeria matxista eta arrazistaren gaia lantzen; urratsak eman ditugu, bai mugimendu antiarrazista eta feministatik, baita Udaletik ere. Aurtengoan, beste urrats bat eman nahi dugu indarkeriarik gabeko jaien alde.

Festak gizarte baten egituraren eta herri baten nortasunaren adierazle dira. Jaiek eta tradizioek jendarte ordena erreproduzitzen dute. Egunerokoan ematen diren zapalkuntza eta diskriminazioen adierazleak nabarmenak dira jaietan ere. Baina tradizio eta ohiturek jendertearen eraldaketarekin batera eta norabide berdinean joan behar dute. Jendartean nahi ditugun aldaketak gure herriko festetan ere isla izan behar dute, kultura birsortu eta aldatzeko gaitasuna dugulako.

Jaiak denontzako gozagarriak eta seguruak izatea nahi dugu, hori da gure aldarrikapena aurtengoan ere. Izan ere, jai eremu eta egunetan intentsitate ezberdinetako erasoak sarriago gertatzen dira, hala matxistak nola arrazistak: irainak, ukituak, eraso fisikoak, bortxaketak... Ozen eta garbi adierazi nahi dugu ez dugula onartuko jaiak erasotzaileen eta diskriminatzaileen aterpe bilakatzerik, kontsumo ezberdinen justifikazio eta aitzakiapean. 

Aurten bereziki gogora ekarri nahi ditugu iazko sanjoanetan gertatutako eraso arrazista bortitzak eta horien aurrean erantzuten jarraituko dugula adierazi. Bide horretan elkartu gara gaurko prentsaurrekoan parte hartzen dugun eragile guztiak: Hernaniko Mugimendu Feminista; AMHER-Sos Arrazakeria; Txosna Batzordea; Berriak merkatari eta ostalarien elkartea; tabernariak eta Hernaniko Udala.

Baliabideak eta zerbitzuak

Ezinbestekoa da erasoen prebentzioan eta erantzunean denok konpromisoak hartzea eta horregatik, aurten hauek dira prestatu ditugun baliabideak eta zerbitzuak: Indarkeria sexistarik gabeko Informazio Gunea eta erasoen arretarako telefonoa. 

Informazio Gunea ekainaren 23an eta 25ean jarriko da Ezkiaga pasealekuan, 18:00etatik 22:00etara. Gunearen helburua herritarrek indarkeria sexistaren gaian kontzientzia hartzea, arreta telefonoaren berri ematea eta, oro har, informatzea izango da. 

Erasoen arretarako telefonoa ere martxan egongo da jaiak irauten duten bitartean, 24 orduz. 688 685 164 telefonoa Emagin elkarteak kudeatuko du. Helburua sanjoanetan gertatzen diren erasoak jasotzea eta laguntza behar den kasuetan erasotuari arreta ematea izango dira. Hori ikuspegi feministarekin egitea garrantzitsua da: ahaldunduz eta ez berbiktimizatuz. 

Telefono zerbitzua ekainaren 23ko 18:00etan hasiko da eta 28ko 08:00ak arte iraungo du.

Hortaz guztiaz gain, eraso arrazistei aurre egiteko protokolo antiarrazista sortu du Txosna Batzordeak.