Berriak
Atzealdea

Hernaniko ikastetxeak, jasangarritasunaren aldeko programetan erabat murgilduta

Abiatu berri den ikasturtean, Hernaniko Lehen Hezkuntzako ikastetxe guztiek ingurumen hezkuntzan murgildu dira. Alde batetik, duela 30 urte abian jarri zen HI! Programa -Hernani eta Ingurumena- bestetik, Eskolako Agenda 2030 eta azkenik, aurten bi ikastetxek Euronet 50/50 max energia aurrezteko programa burutuko dute.

2021·10·25


Hiru programek, Nazio Batuetako Erakundeak adostutako Garapen Jasangarrirako 17 Helburuekin bat egiten dute, hau da, bide egokiak dira herri jasangarriagoaren alde egiteko. Helburu hauek nagusiki munduan pobrezia desagerrarazi, Planeta babestu eta pertsona guztiei oparotasuna bermatzeko sortu dira. Mundua aldatzeko helburuak dira, inor atzean utzi gabe!

Hernani eta Ingurumena programaren bidez, lehen hezkuntzako 4, 5 eta 6. mailetako ikasleek gaurkotasun handiko gaiak lantzen dituzte, hondakinak, landaretza eta ura. Programa hau ikastetxeetako curriculumetan txertatuta dago eta ikasgeletan lantzen dituzten gaien osagarria da. Gainera, ondoko helburuekin zuzen zuzenean lotuta dago:

Eskolako Agenda 21 zena, Eskolako Agenda 2030 bihurtu zen iaz. Programaren helburua pixkanaka-pixkanaka helburuak banaka lantzen joatea da, beti ere herriko errealitatearekin bat eginez. 2020-2021 ikasturtean 15. helburua ezagutzen hasi ziren ikastalde ezberdinetan: LEHORREKO EKOSISTEMETAKO BIZIA. Helburu zabala izanik, basoetan oinarritu zen lanketa. Aurtengoan gai berria dute eskuartean: Zelaiak, larreak eta landare itsutasuna.

Zelaiak, belardiak eta larreak biodibertsitatez beteriko ekosistemak izateaz gain, belarra altxor preziatua ere bada Euskal Herriko baserrientzat. Beharrezkoak, guztion artean zaindu beharrekoak, baserritarrak, mendizaleak eta gainerako naturaren, eta zelaietakoak bereziki, erabiltzaileak. Landareen itsutasunaz hitz egiten dugunean, oro har espezieei buruz dugun ezjakintasuna aipatuko dugu. Zuhaitz-espezie batzuk ezagutzen ditugu, baina ez dugu larre eta zelaietan bizi diren landare eta loreen izenik ezagutzen. Izan ere, oharkabean pasatzen dira. Ba al zenekien Lurraren azalera kontinentalaren laurdena inguru belardiz estalita dagoela? Belardietako landarediak eta lurzoruak karbono-hustuleku gisa erabiltzen dira, klima aldaketaren aurka borrokatzen lagunduz.

Euronet 50/50 max. proiektuak eraikin publikoetan energia aurreztea sustatzen du, erabilera egokitik eta energiaren kudeaketatik abiatuta. 50/50 da erabiltzen den metodologia: alegia, pizgarri ekonomikoak sartzea lorturiko aurrezpen energetikoaren alde. Udalak (berak ordaintzen baititu fakturak) eta ekipamenduak (eskola edo beste eraikin publikoren bat) konpromiso bat sinatzen dute, non Udalak hitz ematen duen itzuli egingo duela lorturiko aurrezte ekonomikoaren % 50, eta ekipamenduak, aldiz, jarduera egoki batzuk aplikatu eta proiektuaren buru jardungo duela. Dagoeneko gure herrian laugarren ikasturtea izango du proiektu honek eta Urumea ikastola eta Ereñotzuko Txirrita herri eskoletan garatuko da aurtengoan.

Proiektu hau zuzenean bi helburuekin lotuta badago ere, beste guztiekin harremanduta dago, zer gerta daiteke gure Planetan energiaren neurrigabeko kontsumoaren ondoren? Kutsadura eta klima aldaketa, lehengaien agortzea, prezio igoera eta ondorioz pobrezia, gosea, osasun eza eta hainbat kasutan generoaren arabera areagotuta… eta dudarik gabe, ekosistemetan izango lukeen eragina ezin ahaztu.

Helburu eta programa hauek guztiak koordinatze aldera, udalak Artelatz S.L. enpresa kontratatu du. Horren zeregina izango da herriko ikastetxeekin batera lan egitea, beti ere herri jasangarriagoaren alde.