Berriak

Atzealdea Instalazio fotovoltaikoetan egindako inbertsioa bost urtean berdinduko du Udalak

Dagoeneko hamar udal eraikinetan jarri dira instalazio fotovoltaikoak

2026·07·09


Energia trantsizioan pauso garrantzitsuak ematen ari da Hernaniko Udala, erakunde gisa eta baita udalerri mailan ere. Azken urteetan, hamar eraikin publikotako teilatuetan instalazio fotovoltaikoak jarri dira. Azkenekoa, udaletxeko teilatuan egin den instalazioa da. 

Energia berriztagarrien arloan Hernani egiten ari den bidean, berebiziko garrantzia du Udalak eta Enherkom energia komunitateak iazko martxoan sinatu zuten hitzarmenak. Izan ere, hitzarmen horri esker hurrengo 25 urteetan udal titulartasuneko teilatuetan eguzki instalazioak jarri eta herriko energia komunitatearen bidez kudeatuko dira. 

"Energia trantsizioaren bidean, energia berriztagarrien aldeko apustua egiten jarraituko du Udalak", adierazi du Ainara Atorrasagasti Ingurumen zinegotziak. Horren baitan, iragarri du udal eraikinetan hurrengo instalazio fotovoltaikoak jartzeko proiektuak garatzen ari direla Udala eta Enherkom. Instalazio horiek udal kiroldegiko teilatuan eta Ereñotzuko frontoiko teilatuan jarriko dira. 

Momentuz, udal zerbitzuak, enpresa eta merkatariak eta, 184 familia ari dira herriko energia jasotzen

Momentu honetan, hamar instalazio daude eginak eraikin publikoetan eta horietako bi daude martxan: Zubipe futbol zelaikoa eta hilerrikoa. Horrez gain, Ibaiondo poligonoko instalazioa ere martxan dago. Zubipekoa izan zen Hernanin energia banatzen hasi zen lehen instalazioa, 2024ko apirilean.  

Epe motzean martxan jarriko dira iazko udan herriko bost ikastetxetako sei teilatutan jarritako instalazioak ere, horretarako egin beharreko tramiteak martxan baitaude. Elizatxo ikastolan, Hernani haurreskolan, Langile ikastolako Laubidieta eta Meabe eraikinetan, eta Urumea ikastolan jarri ziren plakak. 

Martxan dauden instalazioek udal eraikin eta jabetzak hornitzen dituzte, eta Hernaniko ETE bati, 10 merkatariri eta 184 familiari ere ematen diote energia. Instalazio berriak martxan jartzean, udal-instalazio gehiago hornituko dira eta, etxe eta negozio gehiagotara iritsiko da herriko energia. 

Onura ekologiko eta ekonomikoak

Energia berriztagarrien alde egindako apustuaren atzean trantsizio ekologikoko arrazoiak daude, baina ekonomikoki ere onurak ekartzen dituzte. "Orain arteko datuak esku artean, egindako inbertsioa bost urteren buruan amortizatuko dugula kalkulatzen dugu", azaldu du Atorrasagastik.

Orain arte, guztira 1.040.169,92 €ko inbertsioa egin du Udalak instalazio hauek jartzeko (187.830,14 € jaso dira dirulaguntzatan).

Energia Bulegoa, herritarren eskura

Energia trantsizio ekologikoaren bidean, herritarrentzako bestelako zerbitzuak ere eskaintzen ditu Udalak. Horietako bat da Burujabetzen Etxean kokatua dagoen Energia Bulegoa.

Iaz, herritarren 400 kontsulta inguru kudeatu zituen Energia Bulegoak. Zerbitzu hauek eskaintzen ditu: gasaren eta argindarraren faktura energetikoak ulertzeko eta optimizatzeko aholkularitza; energia berriztagarri eta autokontsumo proiektuentzako dirulaguntzei buruzko informazioa; birgaitze energetikoaren eta teknologia berriztagarrien inguruko informazioa; Eraikinen Eraginkortasun Energetikoaren (EEE) ziurtagiriari buruzkoak; zaurgarritasun energetikoan daudenei laguntzeko informazioa eta Hernaniko komunitate energetikoari buruzko informazioa eskuratu daitezke bertan. 

Hernani Burujaberen baitako Enherkom energia komunitateak kudeatzen du Energia Bulegoa, udal lizitazio baten bidez. 

Energia Bulegoa astearte eta ostegunetan (10:00-13:00 eta 16:00-18:00), eta asteazkenetan dago irekita (10:00-13:00). Aldez aurretik txanda hartzea gomendatzen da bertaratzeko: info@enherkom.eus-era idatzita edo 943 33 70 22 telefonora deituta.

Hernaniko energia komunitateak 400 bazkide baino gehiago ditu dagoeneko

Hernanin 400 bazkide baino gehiagok osatutako energia komunitatea ere badago: Enherkom, hain zuzen ere. 400 bazkide horiek, Hernaniko udalerrian sortzen den energia fotovoltaikoa etxean jasotzeko aukera dute, besteak beste. 

Energia komunitateko onuradun izateko, herritarrak bazkide bihur daitezke. Horretarako, webgunea, info@enherkom.eus e-posta edo 722 711 887 telefonoa dira harremanetarako bideak.