Berriak

Atzealdea Inurri elkarteak ‘Lagunekin bai!’ ziklo berria osatuko du Kulturarteko Plaza Feministan

Erakusketaren inaugurazioarekin hasiko da programazioa, datorren ostiralean

2026·09·14


Laguntasunaren politizazioa aldarrikatzen duen Lagunekin bai! zikloaren eskaintza berriarekin hasiko da iraila Kulturarteko Plaza Feministan. Oraingo honetan, Inurri elkartearekin batera, minbiziaren inguruko zikloa izango da.

Ostiralean, hilak 18, (Min)Bizi. Tabuen kutxatik plazara erakusketa inauguratuko da (18:00). Ondoren, urriaren 9a arte egongo da ikusgai.

Erakusketa honek minbiziaren errealitateari buruzko mapa garden eta aldarrikatzaile bat marraztea proposatzen du. Baliabide bisual eta deskriptiboen eta argitalpen-pieza baten bidez, Inurri elkartearen ibilbidea eta Hil arte bizi leloaren esanahia azaltzen dira, eta tribuak, zaintzak, ahalduntzeak eta ikuspegi feministak minbiziaren bizipenean, laguntzan eta ulermenean duten garrantzia balioesten da. Beñat Elizaldek zuzendutako erakusketa hau osatzen dute Iratxe Etxeandiren eta Andoni Beristainen argazkiek eta Nahia Intxaustik, Ane Labakak eta Jordina Arnauk sortutako edukiek (elebitan). 

Azkenik, hilaren 30ean, Zer esan ez badakizu, ekarri kroketak hitzaldia izango da (18:30, euskaraz). "Minbiziaz inguratuta gauden honetan, ezinbestekoa da gizarte kontzientziatu bat eraikitzea, gaixotasun honen inguruan dagoen iruditeri kolektiboa eraldatu behar baita, tabuak hautsi eta aurreiritziak alde batera uzteko". Elkarteko inurriak izango dira hizlari.

Ohiko ordutegia Kulturarteko Plaza Feministan

Era berean, hilaren 20a arte Emakumeen Jabetze Eskolako ikastaroetan izena emateko epea irekita dagoela gogorarazi nahi dugu.

Gaurtik aurrera, Kulturarteko Plaza Feministak ohiko ordutegia izango du: astelehenetik ostiralera, goiz eta arratsaldez (09:30-21:00) eta larunbat goizetan ere, irekita (09:·0-14:00).