Berriak

Atzealdea Itsaso Lekuona Lankidetza zinegotzia Kolonbian da HerriBabesarearen egiaztatze misioan

Hernani HerriBabesareako kide da, gizae eskubideen defendatzaileak babesteko Mundubat GKE-ak sortutako udalerrien sarea

2025·07·21


Itsaso Lekuona, Hernaniko Lankidetza zinegotzia Kolonbian da egun hauetan, Mundubat GKE-aren eskutik. Kolonbiako giza eskubideen defendatzaileek bizi duten egoera bertatik bertara ezagutzen ari da Lekuona beste hiru udalerritako zinegotziekin batera.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 14 udalerrik osatzen dute HerriBabesarea. Giza eskubideen defendatzaileak babesteko udalerrien sarea da. Hernani sare horretako kide da. Urtero herrialde ezberdinetako defendatzaileak jasotzen ditugu gure herrietan, euren egoera ezagutu eta gure babesa adierazteko.

Aurten, lehen aldiz, egiaztatze misioa antolatu du Mundubatek; kasu honetan, Kolonbiako egoeraren berri in situ jaso dezaten HerriBabesareako udal ordezkariek. Delegazioaren helburua Kolonbiak bizi duen egungo egoera ezagutu eta ikusitakoaren inguruan txosten bat plazaratzea izango da.

Lehen bilerak Chocó eskualdeko hiriburuan izan dituzte, Quibdón. Bertan lanean ari diren eragile ezberdinen eskutik jaso dute egoeraren berri. Han jasotakoak azaldu ditu Lekuonak: “Bake akordioa bete ez izanak eta eskualde horretako herritarren oinarrizko beharrak asetzeko politika publikoen faltak talde armatuek lurraldearen kontrola eskuratzea ekarri dute. Ondorioz, giza eskubideen urraketa larriak ematen ari dira eta asko zaildu da eskubide hauen defentsan aritzea”.