Jabetze eskoletako udaberriko ikastaroetan izena emateko epea urtarrilaren 12an irekiko da
2023·01·05
Hernaniko Jabetze Eskola hausnarketarako eta formaziorako topagunea da. Emakumeok geure eskubideen jabe egiteko, gure bizitzetan autonomia eta konfiantza izateko eta beste emakumeekin sareak sortzeko espazioa da. Eskolaren helburua emakumeon jabetze edo ahalduntze prozesuan eragitea da. Hori lortzeko asmoz gure errealitatea ikuspegi feministatik aztertuko dugu eta berau aldatzeko tresnak eskuratuko ditugu. Jendarte justuago baterantz urratsak emango ditugu.
Hori dela eta, Berdintasun Arlotik emakume guztiak animatu nahi ditugu parte hartzera, Kulturarteko Plaza Feministara gerturatzera eta gure arteko sareak ehuntzen jarraitzera.
Emakumeontzako Jabetze Eskolako izen ematea irekita urtarrilaren 12tik 27ra
Izena emateko aukera egonen da urtarrilaren 12tik 27ra, bai Kulturarteko Plaza Feministan; bai hernani.eus udaleko web gunean; bai e-mailez kulturartekoplazafeminista@hernani.eus edo 943 33 70 17 telefonora deituta.