Berriak

Atzealdea Jaiak denontzako gozagarriak eta seguruak izateko, eraso sexisten eta arrazisten kontrako protokoloa martxan jarri dute Udalak eta eragileek aurten ere

Informazio gunea, erasoen arretarako telefono arreta feminista eta brigada informatiboa izango dira erasoen prebentzio eta arretarako baliabideak

2024·06·20


Sanjoanak ate joka dauden honetan, Hernaniko Udalak, mugimendu feministak, AMHER-Sos Arrazakeriak, herriko tabernariek eta sanjoanetako Txosna Batzordeko hainbat eragilek “jaiak denontzako gozagarriak eta seguruak” izateko martxan jarriko dituzte eraso sexisten eta arrazisten kontrako protokoloa aurkeztu dute.

Hernanin urteak daramatzate mugimendu antiarrazistak, feministak eta Udalak jaietan indarkeria matxista eta arrazistaren gaiak lantzen: “Aurtengoan beste urrats bat eman nahi dugu indarkeriarik gabeko jaien alde”, adierazi du Itsaso Lekuona Berdintasun zinegotziak.

Jaiak, “gizartean eman nahi ditugun aldaketen isla”

Festak gizarte baten egituraren eta herri baten nortasunaren adierazle diren heinean, “jaiek eta tradizioek jendarte ordena erreproduzitzen dute: egungo hierarkiak, botere harremanak, rol banaketak... Jaietan ere egunerokoan ematen diren zapalkuntza eta diskriminazioen adierazleak oso nabarmenak dira”, aipatu dute eragileetako ordezkariek.

“Tradizio eta ohiturek ezin dute zurrunak diren eta geldirik dauden zerbait izan”, gaineratu dute, “gizartean eman nahi ditugun aldaketak ere gure herriko festetan isla izan behar dute, jaietan ere kultura birsortu eta aldatzeko gaitasuna dugulako”.

“Ozen eta garbi adierazi nahi dugu ez dugula onartuko jaiak erasotzaileen eta diskriminatzaileen aterpe bilakatzerik, kontsumo ezberdinen justifikazio eta aitzakipean”.

Informazio gunea, arreta telefonoa eta brigada informatiboa

Erasoen prebentzioan eta erantzunean “denok konpromisoak hartzea” ezinbestekoa dela argi dute Udalak, mugimendu feminista eta antiarrazistak eta gainontzeko eragileek. Horregatik, aurten erasoen prebentzio eta erantzunerako hainbat baliabide eta zerbitzu jarri dituzte: Indarkeria sexistarik gabeko Informazio Gunea jarriko da Ezkiaga pasealekuan bi egunetan (ekainaren 23an eta 25ean, 18:00etatik 22:00etara). Gune horren helburua da herritarrak indarkeria sexistaren gaiaz kontzientziatzea; arreta telefonoaren berri ematea eta, oro har, informazioa ematea.

Erasoen arretarako telefono espezifiko bat (688 685 164) ere jarriko da martxan jaiak irauten duten egunetarako (24 orduz, ekainaren 22ko 18:00etatik ekainaren 28ko 08:00ak arte). Emagin elkartekoek kudeatuko dute telefonoa. Helburua da gertatzen diren erasoak jasotzea eta laguntza telefonikoa behar den kasuetan arreta ematea erasotuari. “Hori ikuspegi feministaz egitea garrantzitsua da: alegia, ikuspegi ahalduntzailea izatea, ez berbiktimizatzailea”, erantsi du mugimendu feministako xk.

Era berean, mugimendu feministak brigada informatiboa antolatu du ekainaren 22 eta 25erako. Tabernetatik erronda egingo dute, erasoen inguruan jarduteko protokoloaren berri emateko.

Gozatu sanjoanak askatasunean, plazerez eta errespetuz!