Berriak

Atzealdea Jarduera Fisikoa eta Kirol Astea antolatu du Udalak lehenengo aldiz

30 ekimen izango dira hilaren 30etik urriaren 5era

2024·09·24


Lehenengo aldiz, Jarduera Fisikoa eta Kirol Astea antolatu du Hernaniko Udalak. Irailaren 30etik urriaren 5era, ekitaldi sorta antolatu dute Udalak eta herriko eragileek, jarduera fisikoa eta zaintza ardatz hartuta. Gaur, egitaraua aurkeztu dute Axier Mingo Jarduera Fisiko eta Kirol zinegotziak, Ane Arrieta teknikariak eta, Jarduera Fisikoa eta Kirol Astean parte hartuko duten hainbat ordezkarik lagunduta.

Axier Mingo zinegotziak azaldu duenez, “udal sailaren jarduna orain arte oso bideratua egon da kiroldegiaren eta kublen jardunari. Baina herrian jarduera fisikoarekin lotutako ekimen eta eremu ugari daude, eta horiek balioan jartzeko abiatu dugu Jarduera Fisikoa et Kirol Aste hau”. Azaldu duenez, “elkarte eta jarduera asko daude Hernanin, kirol eskaintza handia dugu eta adin ezberdin askotako herritarrak aritzen dira jarduera fisikoa egiten. Horri guztiari ikusgarritasuna eman nahi diogu”.

Herriko eragileekin elkarlanean osatutako egitaraua

Egitaraua osatzeko garaian, herriko klubekin, eragileekin eta norbanakoekin elkarlanean aritu da Udala. “Arloaren kudeaketaz haratago doan sail bat izan nahi dugu, herritarrak aktibatuko dituena”, gehitu du Mingok.

Horretarako, hitzaldiak, kirol-jarduerak probatzeko saioak, ikastaroak, mahai-inguruak, tailerrak... izango dira datozen egunetan gurean.

Antolatu diren ekimenak parte-hartzaileak izango dira, eta adin-tarte guztietako herritarrei irekiak izango dira. Herriko espazio ezberdinak bihurtuko dira jarduera fisikoaren eta kirolaren erdigune.

EGITARAUA