Berriak
Atzealdea

Datozen egunotan jende pilaketak ez egoteko kontrola zorroztuko du Udalak

Urtero Sanjoanak ospatu izan diren egunak gerturatzen ari dira eta aurtengo jaiak bertan behera gelditu diren arrean, kalean jende pilaketak sor daitezkeela aurreikusten du Udalak. Hori saihesteko neurri bereziak jarriko ditu martxan, hala nola Udaltzaingoaren kaleko presentzia areagotzea. Ostalariekin ere elkartu da gaur goizean eta horiek konpromisoa hartu dute tabernen aforoa eta neurriak zorrotz betetzeko.

2020·06·19


Eusko Jaurlaritzak alarma egoeraren amaiera dekretatu berri duela kontuan hartuta, udal zerbitzuak apurka-apurka bere onera itzultzen hasi dira, saltokiek eta ostalaritza establezimenduek ere irizpide laxagoak dituzte jarduteko eta herritarrak kalera irteten hasi dira, lehengo bizimodua berreskuratu nahian.

Horretaz gain, udaren atarian gaude, eskola oporrak ere hasi dira eta, sanjoanak bertan behera uztea erabaki zen arren, urtero jaiak ospatu izan diren egunak gerturatzen ari dira. Horrek eta pandemiaren inguruan azken aldian jasotzen ari garen mezu baikorrek COVID-19ak kutsatzeko arrisku pertzepzioaren arintzea ekar dezake eta, ondorioz, kalean jende pilaketak egotea aurreikustekoa da.

Hori ez gertatzea herritar guztion ardura da, baina Udalak, bere aldetik, plangintza berezi bat prestatu du datozen egunotan pilaketak saihesteko helburuz. Horrela, herriko alkateak eta Merkataritza arloko zinegotziak herriko ostalariekin bilera bat egin dute gaur goizean -25 bat ostalarik parte hartu dute- ardura hori konpartitzeko. Tabernetako ordezkariek konpromisoa hartu dute aforoa kontrolatzeko eta segurtasun neurriak errespetarazteko. Udalak, bere aldetik, indartuko du Udaltzaingoaren presentzia eta kontrola kalean.

Horretaz gain, Udalak gogorarazi nahi du ez dagoela jairik. Beraz, eskaera bat egin nahi die beste urteetan kanpotik herriko jaiak erakarrita etortzen direnei: mesedez, haien herrietan gelditu daitezen, Hernanira ez daitezela etorri. Halaber, kalean ezin dela edan gogorarazi nahi du Udalak eta, beraz, kedadak eta botiloiak zorrotz kontrolatuko direla jakinarazi du.