Berriak
Atzealdea

Joxe Mari Auzmendiren iturria agortu ez dadin beka bat sortu dute Udalak eta Hik Hasik elkarlanean

1
Hernaniko Udalak eta Hik Hasik elkarlanean sortutako beka honek bi ikasturteko iraupena du eta 12.000 euroko zenbatekoa. Hobekuntza pedagogikoa, euskara eta euskal kulturaren biziberritzea eta herri hezitzailea eta inklusioa bultzatzen dituzten Euskal Herri osoko proiektuak lagunduko ditu.

2021·06·10


Hernaniko Udalak eta Hik Hasi euskal heziketaren arloan lan egiten duen entitateak elkarlanean sortu dute Joxe Mari Auzmendi hezkuntza beka. Lehen deialdia martxan dago eta horren helburuak aurkezteko elkartu dira Hernaniko udaletxean herriko ordezkariak -Xabier Lertxundi Hernaniko alkatea eta Oier Agirresarobe Hezkuntza zinegotzia-, Hik Hasiko kideak -Mikel Agirrezabala eta Ainhoa Azpirotz- eta Auzmendi zenaren senitartekoak.

1995ean, euskal hezkuntza sustatzeko asmoz, Hik Hasi egitasmoaren sortzaileetako bat izan zen Auzmendi eta Hik Hasiren 25 urteko ibilbidean, talde horretako arima.  “2020ko otsailean hil zen. Baina iturri agortezina zen. Joxe Mari kemen eta argi handiko pertsona zen, indar berezikoa eta bateratzailea. Batik bat hezkuntzara bideratu zuen bere lana, baina hezkuntza herri bat josteko hari gisa ulertzen zuen, eta beti balioetan oinarritzen zen”, gogora ekarri du Mikel Agirrezabala Hik Hasiko kideak.

Joxe Mari Auzmendi bekak hezkuntza proiektuak lagunduko ditu lau balioren inguruan: hobekuntza pedagogikoa, euskara eta euskal kulturaren biziberritzea; herri hezitzailea eta inklusioa.

“Lau gai horietako batean (edo gehiagotan) ardazturiko proiektu bat lagunduko du beka honek. Proiektu berri bat abian jartzeko edota dagoeneko indarrean dagoen bat bultzatu eta bideratzeko izango da eta hezkuntza komunitate osoari zuzendua dago. Euskal Herri osoko ikastetxeak, hezitzaile taldeak, guraso taldeak, aisialdi taldeak, euskara elkarteak, herri mailan osatutako eragile-taldeak eta abar aurkeztu ahal izango dira. Eragile desberdinen arteko elkarlana hobetsiko da”, azaldu du Agirrezabalak.

Bekaren iraupena bi ikasturtekoa izango da. Eta zenbatekoa, 12.000 eurokoa.  

Auzmendik euskal hezkuntzaren eredu propioa sortzearen aldekoa zen eta horri egindako ekarpena izugarria izan zen. Jatorriz nafarra zen eta bere bizitzaren azken urteak Hernanin igaro zituen familiarekin, 2020ko otsailean hil zen arte.

Xabier Lertxundi alkateak nabarmendu duenez, Auzmendi Hernanin bizi izan zen iaz hil zen arte eta hezkuntzari egindako ekarpenarengatik eta zabaldu zituen balioengatik Hernaniko herriaren omenaldi bat merezi duela esan du Lertxundik. Eta omentzeko zein modu hobea Auzmendik bere bizitza osoa emandako euskal hezkuntza sustatzeko egitasmo bat baino.

Senitarteko ugari ere bildu dira udalbatzar aretoan, haren aita, senar, seme zenaren omenaldi kutun honetan parte hartu nahi zutelako. Emozioz beteta hitz egin du Auzmendiren alaba Izarok. Haiek aita beti Hernanirekin lotu izan dutela aitortu du eta Udalari eta herri osoari eskerrik beroenak eman dizkie bere aita zenaren omenezko beka hau sortzeagatik.

Urriaren 1era arteko epea lanak aurkezteko
Epaimahaia Hernaniko udalaren ordezkari batek eta Hik Hasi egitasmo pedagogikoko hiru hezkuntza-adituk osatuko dute. Hautatutako proiektuari jarraipena egiteko, beti ere proiektuaren ezaugarriak kontuan hartuta, aholkulari pedagogikoa izendatuko du epaimahaiak onuradunekin adostuta.

Proposamenak aurkezteko epea 2021eko urriaren 1ean amaituko da eta epaimahaiak, aurkeztutako lanak aztertu ostean, azaroaren 2an jakinaraziko da saritutako proiektua zein den.

Oinarriak eta eskaera-orriak hikhasi.eus webgunean zabalduko dira gaurtik aurrera.

1