Berriak
Atzealdea

Juanita Azpiolea eta Emilia Santana hernaniarrek, 100 urte bete dituztela eta, omenaldia jaso dute

Bi emakume hernaniarrek, 100 urte bete dituztela eta, jaso dute gaur Hernaniko Udalaren omenaldia. Juanita Azpiolea Otegik Jauregi auzoko bere etxean jaso du alkatearen bisita. Ondoren, Emilia Santana Arrospideren txanda izan da, adinekoen egoitzan. Bietan lore-sorta eta zorionik beroenak jaso dituzte Hernaniko ordezkarien eskutik eta haien familia artekoak lagun.

2022·12·14


Lehenengoa omenaldia jasotzen Juanita Azpiolea Otegi izango da. Hernanin jaio zen 1922ko azaroaren 27an. Ama goierritarra zuen eta aita "Pittika" baserrikoa zen. Zazpi anai-arreba ziren; Juanita, bosgarrena. Haurtzaroa Jauregiko auzo eskolan eta baserriko inguruetan igaro zuen eta bertan bizipen politak gordetzen ditu oroimenean.

Txikitatik aritu zen baserriko jardunean, eta gorputzak aukera eman dion arte baserrian lan egin izan du. Gaztea zela, senarra ezagutu zuen eta hiru alabako familia osatu zuten. Oso gazte alargundu zen, baina bere lana aurrera ateratzen jarraitu zuen. Baserrian lan asko egin arren, tarteka josteko lanak egiteko denbora ere hartzen zuen.

Zaletasunen artean pilota partidak ikustea nabarmentzen da. Orain ere oso gustuko ditu.
Horrekin batera, nahiz eta geldirik egotea kosta egiten zaion, oilategiaren ondoko mahaian eserita egoten da eguzkia hartzen eta bertatik pasatzen den jendeari begira. Bere urtebetetze egunean osasunaz ondo ez zegoela eta, omenaldia atzeratu da.

Emilia Santanak gaur bertan bete ditu

Mendeurrena beteko duen bigarren hernaniarra Emilia Santana Arrospide da. Emilia 1922ko abenduaren 14an jaio zen, Hernanin. Emiliak berak umorez gogoratzen du, nortasun agirian egin zuten akats baten ondorioz, urtebete gazteago balitz bezala jarri zutela.

Inmakulada eskolan ikasi zuen kozinatzen, josten, alfonbrak egiten eta zurtzitzen. Bere gurasoak lantokian ezagutu ziren, Papelera Mendian. Ama papera zenbatzailea zen (eskuz zenbatzen zituen paperak) eta aitak pertsonaleko enkargatu gisa ziharduen. Bost senide ziren familian: lau mutil eta Emilia. 23 urterekin ezkondu zen eta 8 seme-alaba izan zituen.

Senarra Bianchi lantegian aritzen zen. Horretaz gain, senarrak soinua ere jotzen zuen eta, asteburu batzuetan, Nafarroan, herriz herri, joan ohi zen soinua jotzera.

Lana gogor egin zuen familia aurrera ateratzeko. Anekdota gisa gogoratzen du familiar baten bidez lortzen zituela haurrentzat garai hartako fardelak- gasak- eta, eskerrak horri, lana arintzen zuela.
Oroitzapen onak gordetzen ditu garai hartan bizilagunen artean zegoen harremanez, “sanoak eta denak berdinak sentitzen zirela”. Familia ugaria izateak, batetik, ardura eta lan handia ekartzen zion baina poza ere bai, haren hitzetan.

Seme-alabak etxea utzi zutenean, Donostiako Antigua auzora joan ziren bizitzera. Hamar urte eman zituen bertan eta beste hainbeste Alacanten.

78 urterekin alargundu zen, eta bere burua zaintzeko gai ez zela ikusi zuenean, adinekoen egoitza batera joatea erabaki zuen. Eskualdeko beste egoitza batzuetan egon ondoren, duela 22 hilabete Hernaniko egoitzara etorri zen bizitzera. Egun seme-alabekin eta bilobekin duen harremana asko estimatzen du.