Berriak

Atzealdea Kale garbiketan erabiltzen hasi dira Hernaniko bi makina garbigailu berriak

2024·12·13


Herritarrek ikusiko dituzte hemendik aurrera kaleak txukuntzen goizero-goizero. Hernaniko Udalak erositako bi makina garbigailu berriak lanean ari dira jadanik. Makinei egin beharreko harrera-ikuskapena, frogak eta eta gidariek hornitzailearen aldetik prestakuntza zehatza jaso ondoren, zerbitzuari ekin diote aste honetan zehar. Garbitania enpresa publikoak egiten ditu Hernaniko kale garbiketak.

 

Orain arte erabili diren bi makinek betea zuten euren bizitza baliagarria, eta hori dela eta egin du udalak gailu berriak erosteko inbertsioa. Helburua ez da izan bakarrik makinak aldatzea, baizik eta ahalik eta makinarik “jasangarrienak” izatea, eta horregatik da haietako bat elektrikoa. Hori da bietan txikiena, eta bi metro kubo gordin jaso ditzakeen toberaduna da. Hautsa gelditzeko ur-lainoztagailuak izango ditu eta makina martxan dagoenean, potentzia akustikoaren maila bermatua 100dB edo gutxiagokoa izango da, 2000/14/EE zuzentarauaren arabera. 319.924 euroko kostua izan du.

 

Beste makinak bost metro kubo gordin jaso ditzakeen toberaduna da. Diesel motorra du eta indarrean dagoen Euro 6 isurketen maila betetzen du. Hautsa gelditzeko lainoztagailuak ditu honek ere. Ekortzeko makina martxan dagoenean, potentzia akustikoaren maila bermatua 105 dB edo gutxiagokoa izango da, 2000/14/EE zuzentarauaren arabera. Honen kostua 229.779 eurokoa da.

​​​​​​​