Berriak
Atzealdea

Errautsak gordetzeko kolunbarioak bukatu berri dira

Hildako senitartekoak errausteko ohitura gero eta zabalagoa da gure artean. Orain arte nitxoetan, etxeetan edota elizetan gorde ohi dira errautsak. Udalak, behar horri erantzun bat eman nahian, kolunbarioak egin ditu hilerrian.

2020·09·30


Lanak amaitu berri dira eta, guztira, 108 kolunbario daude orain udal hilerrian. Obra horren kostua 47.035,12 eurokoa izan da, BEZ barne.

Kolunbario bakoitzean bi pertsonen errautsak sar daitezke. Kolunbario bakoitzean hildakoaren izena eta argazkia jartzeko aukera dago. Udaletik kudeatzen da denek formatu bera izan dezaten.

Egun hainbat familiak nitxoetan dituzte gordeta errautsak. Eskatuz gero, kolunbario batera pasa daitezke.

Kolunbarioen gaineko emakida 10 urtekoa da. Epe hori beste 5 urtez luzatu ahal izango da, eskaera egiten baldin bada eta ordaindu beharreko tasa ordaintzen bada. Emakida bukatzen denean hezurtegi orokorrera eramango dira eta haiekin eskatzen dena egingo da. Emakida-epeak, luzapenak barne, hilerrian libre dagoen lekua kontuan hartuta emango dira.