Berriak
Atzealdea

KPIren azpitik igoko dira 2022an udal zergak eta tasak

Urteroko proposamena kontsumoko prezioen indizearekin (KPI) lotuta egin ohi du gobernuak. Aurten, ordea, apiriletik aurrera argindarraren eta erregaien prezioak izan duen gorakada dela eta, urte osoko KPIa %2,9koa da. Igoera horrek herritar, enpresa eta merkataritza askoren ekonomia larri kaltetu duela jabetuta, gobernuak egoki ikusten du martxoa arteko indizea kontuan hartzea. Hortaz, igoera %1,5ekoa izango da. Osoko bilkurak hala onartu zuen, Hernaniko EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-OH udal taldeen babesarekin.

2021·11·02


Hernaniko EH Bilduren udal gobernu taldeak egindako proposamena onartu zuen osoko bilkurak, Elkarrekin Podemos-OHren babesarekin. 2022ko udal tasak eta zergak  %1,5 igotzea proposatu zuen gobernuak.

Urtero, zergak eta tasak eguneratzeko garaian, ohiko irizpidea izaten da kontsumoko prezioen indizearen (KPI) arabera igotzea, baina aurten salbuespena egitea egoki ikusi du gobernuak. Izan ere, iazko uztailetik aurtengo uztailera arteko igoera %2,9koa da. Igoerarik nabarmena apiriletik aurrera gertatu da, orduan hasi zelako argindarraren eta erregaien prezioaren gorakada.

Hori dela eta, argindarra eta erregaia ekuazio horretatik atera eta iazko uztailetik martxora bitarteko igoera soilik kontuan hartzeko proposamena egin du gobernuak, alegia, %1,5ekoa. Udal gobernuaren ustez, herritar, enpresa eta merkataritza askoren ekonomia asko kaltetzen ari delako argindarraren eta erregaien prezioaren muturreko igoera hori.

Nolanahi ere, udal kontuen oreka ekonomikoa -gastuaren eta diru-sarreren artekoa- eta zerbitzu publikoen kalitateari eustea ere aintzat hartu behar da.

Igoera orokorra %1,5ekoa izan arren, badira igoko ez diren zenbait zerga eta tasa.

- ZERGAK: IBI industriala, IAE (Jarduera Ekonomikoaren gaineko zerga), ICIO (Obra, Eraikuntza eta Instalazioen gaineko zergak) ez dira igoko, Foru Arauak markatzen dituen topeak maximoetan daudelako. Gainbalioaren tipoak (plusvalia) ere ez dira igoko.

-TASAK: Ez dira igoko merkataritza, kultura eta zerbitzu sozialekin lotutako tasak:
    • Merkataritza: establezimienduak irekitzeko lizentziak, asteko azoka eta udaletxeko arkupeko postuaren tasak.
    • Kultura: zinema, antzerkia eta kontzertuen sarreraren prezioak, aurten onartuak, mantentzen dira.
    • Zerbitzu sozialetan, etxez etxeko zerbitzuaren prezioa eguneratuko da baino beste zerbitzuen prezioak mantentzen dira (eguneko arreta eta gizarteratzeko bizitokiak)
Zenbat suposatzen dio elkarbizitzako unitate bati igoera honek?
    • Etxeko uraren tasa zentimo bat igotzen da.
    • Hondakinen tasa: 80 zentimo igotzen da ordainagiri bakoitzean. 2022an, lau ordainagiri izatetik bira pasako da. Lehendabizikoa apirila-maiatzean ordainduko da eta bigarrena, iraila-urrian.
    • Kiroldegiko urteko abonu familiarra 3,5 euro igoko da. 2022an, gainera, berritasunak daude abonuetan. Orain arte bezala, urtekoak edo sehilabetekoak izateaz gain, hiru hilabeteko abonuak izango dira eta hamar egun desberdinetarako bonoak  aukera ere eskainiko zaie herritarrei. 

Diru-laguntzak, onura fiskalak, hobariak eta errekarguak mantentzen dira:
    • Diru-laguntzak: IBI-aren (kontribuzioa) diru-laguntza %50-25ekoa eta ura eta hondakinen tasarenak, %100-50ekoa.
    • Onurak fiskalak (kiroldegiko abonuak, musika eskola, udalekuak) %90-50koa beti elkarbizitzako unitatearen diru-sarrerak eta ondarearen arabera.
    • Hobariak:
        ◦ IBIan: %50ekoa etxebizitza alokairuan jartzeko Bizigune programan parte hartuz gero.
        ◦ Ibilgailuak. %95-75koa elektriko edo hibridoa, motorraren arabera.
        ◦ Hondakinak: %25koa auzo edo auto konpostaje egiteagatik.
    • Gainkarguak: IBIan:%100 gainkargua izango da etxebizitza hutsa baldin badago.

Hobari berri bat energia berriztagarriak sustatzeko xedez

IBIan (hobari berria da eta udal gobernuak Elkarrekin Podemos-OH udal taldearekin batera adostutakoa): % 50-20koa etxebizitzan energia berriztagarrien sistemak instalatzen badira, energia aurrezteko helburuarekin. %50eko hobaria izango da, etxebizitzaren jabea irabazi-asmorik gabeko Energia Berriztagarrien Komunitatean bazkide baldin bada eta horri lotuta baldin badago instalazioa. Hobaria 4 urtez emango da. Ez badago Energia Berriztagarrien Komunitate batekin lotuta, hobaria %20koa izango da eta bi urtez emango da.