Berriak

Atzealdea Urumea ikastola zenaren eremuan kultur ekipamendu berria eraikitzeko ideia lehiaketa martxan dago

Urumea ikastola zenaren eremuan eraikina egin ahal izateko lehenengo fasea da

2025·10·30


Hernanik herriaren erdigunean, Urumea ikastola zenaren eremuan, kultur ekipamendu berria izango dena eraikitzeko prozesua  martxan dago.

Fase ezberdinak izango ditu ekipamendu berria gauzatzeko bideak, eta eraikina izango dena diseinatzeko lehenengo fasea martxan dago dagoeneko. Horretarako, arkitektoentzako ideia lehiaketa jarri du martxan Udalak. 

Hain justu ere, arkitektura-enpresek proposamen orokorra aurkezteko tartea izango dute abenduaren 4a arte. 

Aurkeztutako proposamenen artean, epaimahai profesional batek hiru proposamen aukeratuko ditu. Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo ofizialeko arkitekto batek, Euskal Herriko Unibertsitateko Arkitektura Goi Eskolako irakasle batek eta, Hirigintza eta Kultura arloetako hiru udal teknikarik osatuko dute epaimahaia. Hautatutako hiru proposamen horiekin hasiko da bigarren fasea. Izan ere, aukeratutako arkitektoek 45 egun izango dituzte aurreproiektua osatu eta aurkezteko.

Herritarrek ere izango dute proposamen gustukoena bozkatzeko aukera

Hiru aurreproiektu horietako bat izango da kultur ekipamendu berria garatzeko aukeratuko dena. Aurreproiektuak aurkezten dituztenean, epaimahai profesionalak bere balorazioa egingo du, baina herritarrek ere izango dute iritzia emateko aukera.

Izan ere, erakusketa bat antolatuko da herritarrek hiru aurreproiektuak ezaguzteko aukera izan dezaten eta, lehentasunena rabera, gustukoenak bozkatzeko aukera izango da hiru astez. Prozesuaren fase hau 2026ko udaberrian egingo dela aurreikusten da. 

Urumea ikastola zenaren eremuan egongo den kultur ekipamendu berriak ikuskizunetarako areto handi bat (500 eserleku eta zutik 800-1000 lagun sartzen direna), entsegu gelak etabar aurreikusten ditu. Herriko kultur ekipamenduen sarea osatzeaz gain, Lizeaga-Ezkiaga eremua biziberritzen ere lagunduko.