Berriak

Atzealdea Kultur ekipamendu berria, lehen harria etorkizuneko Hernani bizigarriago batera bidean

Gaur aurkeztu ditu udalak ideia lehiaketan aurrera egin duten proposamenak; herritarrek gustuko hurrenkera adierazteko aukera izango dute hiru astez

2026·05·21


Hernaniko Udalak gaur aurkeztu ditu jendaurrean Urumea ikastola zenaren eremuan etorkizunean egongo den udal ekipamendua izango denaren ideia lehiaketan aukeratutako hiru proposamenak: Kultur taupada, Paseoa eta kultura eta Puntaren puntan izenekoak.

Xabier Lertxundi alkateak azpimarratu du “gaur aurkezten duguna ez dela hirigintza esku-hartze huts bat, baizik eta Hernaniren erdigunea ulertzeko eta bizitzeko modu kohesionatuago baten aldeko pausoa, herri bizigarriago baten mesedean”. 

Jendaurreko ekitaldi batean erakutsi ditu udalak ideia lehiaketan aukeratutako hiru proposamenak, herriko kultur arloko eragile ugariren aurrean. Lertxundik gogora ekarri du “herritarren aspaldiko eskaera baten ondorio” dela kultur ekipamendu berriaren lanketa.

Maiatzaren 21etik ekainaren 11ra bozkatu ahal izango diren hiru proiektuak ezagutzeko aukera egongo da Biteri Kultur Etxean jarriko den erakusketan. Informazio guztia modu digitalean ere eskura dago Hernaniko web orrian, HEMEN.

 

Xabier Lertxundi, alkatea: “Herriko pieza zentral bihurtzeko ahalmena du ekipamendu berri honek”

Lertxundi alkateak kultur ekipamendu berriaren kokapenari ere egin dio erreferentzia: “Urumea ikastola izan zenaren eremua eraberritu eta kultur ekipamendu berri bat sortzeaz gain, mugikortasuna hobeto antolatzea eta erdiguneko gune ezberdinen arteko loturak sendotzea”.

Kokapenak duen “indargune” nagusi gisa “herriko pieza zentral bihurtzeko ahalmena” aipatu du Lertxundi alkateak. “Inguruan ditu zaharren egoitza, ikastetxeak, Musika Eskola eta beste hainbat elkargune, egunerokoan belaunaldi ezberdinak eta jarduerak harremanetan jarri eta sendotzeko, baita Alde Zaharra, Ezkiaga, Urbieta, Zinkoenea eta orain arte bazterrean geratu diren herriko eremuak lotzeko eta kohesionatzekoa”.
Kultur ekipamendua izango dela ez du ahaztu Lertxundik, eta “herriko kultur eragileen funtzionamendua nabarmen erraztuko” duela adierazi du, “askoren jarduera herrigunean garatzen baita”.

 

Aitor Huizi, Kultura zinegotzia: “Gaur egungo ekipamenduek ase ezin dituzten zerbitzuak eskainiko ditu eta Milagrosako erabiltzaileentzako azpiegitura hobeak”

Aitor Huizi Kultura zinegotziak Hernanik duen “kultur ekosistema aberatsa” azpimarratu du. “Kultur ekipamendu berri baten proiektua lantzerakoan, izan dugu nondik hasi eta zerri eutsi”. 

“Ekipamendu berri honek gaur egun herrian ditugun ekipamenduek ase ezin dituzten zerbitzuak eskaintzeaz gain -ekitaldi jendetsuagoak, eszenografia handiagoak edo produkzio konplexuagoak-, Milagrosako erabilerak jaso eta azpiegitura hobeak eskaintzea du helburu, orain baino erosoago lan egin dezaten”.

Huizik baieztatu du urtetan kultur eragileek aldarrikatu dituzten beharrak eta Milagrosa eraikineko erabiltzaileen beharrak asetzen” lagunduko duela ekipamendu berriak. Hain zuzen ere, Milagrosa eraikinaren erabiltzaileei “hasieratik planteatu zitzaien erabilerak eta bertan ahalik eta modurik erosoenean lan egitea bilatzea” izango zela “filosofia”. Horretarako, “erabaki zen proposamen arkitektonikoen esku uztea Milagrosa eraikinarekin zer egin, beti ere bermatuz  bertako behar eta erabilera guztiak partzela horretan mantenduko zirela”. 
 

Ekipamenduaren ezaugarriak, herriaren eta kultur eragileen beharrak bermatzeko pentsatuak

Hauek izango dira kultur ekipamendu berriak edukiko dituen ezaugarri tekniko nagusiak: gune orokorrak (harrera gunea-leihatila); ikuskizunetarako areto handi bat -500 aulki; zutik 800-1000 lagun hartzeko gaitasunarekin-, oholtza, biltegia eta ekipamendu tekniko guneak; entsegu guneak (herriko eragileen erabilerarako) eta gorputz eta espazio adierazpena lantzeko gunea; eta bulegoak, besteak beste.

Eragileen beharrak identifikatu eta bermatzeko, duela bi urte zuzeneko lan-saioak egin ziren haiekin. Izan ere, gaur egungo fasera heltzeko, aurre-lan handia egin dira: aurre-hausnarketak, lan teknikoa eta herritarren eta kultur eragileen ekarpenen bilketa.
 

Ainara Atorrasagasti, Hirigintza eta Ingurumen zinegotzia: “Pertsonak erdigunean jarrita, Hernaniko erdigunea berritzeko aukera daukagu”

“Hernaniko erdigunea berrantolatzeko aukera estrategiko baten aurrean gaude”, baieztatu du Ainara Atorrasagasti Hirigintza eta Ingurumen zinegotziak. “Herriko erdigunea berritu dezakegu, pertsonak erdigunean jarrita”, gaineratu du.

Kultur ekipamendu berria eraikin huts bat baino askoz gehiago dela aldarrikatu du Atorrasagastik ere. “Plaza publiko berri baten eta kultur ekipamendu baten inguruan, herritarren topagune nagusi bat sortuko da, oinezkoentzako ardatz batean integratua. Ez da plaza bat bakarrik izango, baizik eta eguneroko bizitzarako pentsatutako espazioa”, adierazi du Atorrasagastik. “Irisgarria, segurua eta anitza izango da eraikina eta eremua: kultur jarduerak egiteko, elkartzeko, jolasteko edo egoteko balioko du. Hau guztia zaintzaren ikuspegitik ulertzen dugu: espazio publikoak pertsonen bizitza erraztu eta komunitatea indartzeko balio behar du”.

Espazio publikoa antolatzeko era honek, “ezinbestean dakar mugikortasunaren antolaketa berria”, azaldu du Atorrasgastik. Oinezkoei lehentasuna eman, kaleen arteko loturak berrantolatu eta mugikortasun jasangarriago bat izan dira oinarriak. Horretarako, esaterako, lurpeko aparkalekua eraikiko da eraikinaren azpian. “Etorkizuneko mugikortasun eredu baterako urrats argia da”, erantsi du zinegotziak.
 

Trantsizio ekologikoa aintzat hartuta diseinatuko den eraikina

Trantsizio ekologikoaren arloan ere ekarpena egingo du eraikin berriak. “Energia kontsumoa murriztea, baliabideak hobeto aprobetxatzea eta etorkizun jasangarriago baterantz pauso errealak ematea” izan ditu helburu Udalak, baldintza teknikoetan.

Hori lortzeko, kultur ekipamendu berriak biomasa bidezko beroketa-sarea izango du, “eraikina efizientzia energetikoa eta jasangarritasunaren logikan diseinatuta”.

Ainara Atorrasagasti Hirigintza eta Ingurumen zinegotziak, hain zuzen ere, kultur ekipamendu berriaren eraikina “hirigintza eta energia politika pieza berean uztartzen dituen proiektua” dela baieztatu du.
 

Proposamenen erakusketa eta herritarren partaidetza

Kultur ekipamendu berriaren ideia lehiaketan zazpi proposamen jaso ditu Hernaniko Udalak. Adituen epaimahai batek guztiak baloratuta, hiru egokienak aukeratu ditu: horiek dira gaurtik aurrera Biteri kultur etxean ikusgai daudenak, herritarrek ezagutu eta horien inguruko  iritzia eman dezaten. 

Biteri kultur etxeko Sukalde gelan egongo dira ikusgai ekainaren 11 arte. “Proposamenak ezagutu eta aztertzera gonbidatzen ditugu hernaniarrak”, esan du Aitor Lukas Partaidetza zinegotziak.

16 urtez gorako hernaniarrek izango dute parte hartzeko aukera (aurtengo martxoaren 23a baino lehen erroldatutakoek). 
Iritzia emateko ontziak Biteri kultur etxean, udaletxeko Herritarren Harrera Zerbitzuan (HHZ), Kulturarteko Plaza Feministan, udal kiroldegian eta Ereñotzuko udalean daude jarrita. Presentzialki eman beharko da iritzia.

Boto-paperak egongo dira toki horietan. Boto-paper horretan, proposamenen hurrenkera erabaki beharko dute herritarrek: gustukoena 1 zenbakiarekin markatu beharko da, eta segidan, beste biak hurrenkeran. Hiru aukerak markatzen ez badira, boto-paper hori baliogabea izango da. 

Toki horietan, gainera, QR bidez hiru proiektuei buruzko informaziora helduko dira herritarrak, proiektuak ezagututa emateko iritzia.
 

Aukeratuko den proposamenak urtebeteko epea izango du proiektu definitiboa idazteko

Hernaniko herritarren iritziak eta Adituen Batzordearen ebazpenaren baturatik erabakiko da hiru proposamenen artean zein izango den proiektu irabazlea.

Ondoren, proposamen irabazlea egin duen arkitektura estudioak urtebeteko epea izango du proiektu definitiboa idazteko. Idazketa bukatu eta aurkeztu ondoren, obra esleitzea izango da hurrengo urratsa.

1 2 3