Berriak
Atzealdea

Euskararen paisaia aisialdian ere bermatzeko lanean ari da Udala

Euskararen erabilera arlo guztietan bermatzeko asmoz, Euskara Saila 2003an hasi zen Biteri kultur etxeko ikastaroen hizkuntzan eragiten. Kultur etxeak eskaintzen dituen ikastaroen %60 euskaraz ematen dira, eta herritarren balorazioa oso ona da -%90 gustura azaldu da hizkuntza irizpideekin-. Euskara bizitzaren esparru guztietan emateko ahaleginean beste urrats bat da.

2019·12·16


2003az geroztik ari da Udala Biteri kultur etxeko ikastaroen hizkuntzan eragiten, herritarren artean euskararen erabilera areagotzeko. Eta egitasmo horren inguruko argazki xumea eman nahi dugu.

Ikastaroak ematen dituen enpresa eta begiraleak

Biteri kultur etxean klaseak emateko enpresa bat du kontratatua Udalak,  Artetik Elkarte Kulturala; eta kultur etxean lan egiten duten monitore guztiak dira elebidunak. Hori da, zerbitzua kontratatu ahal izateko, Udalak jartzen duen hizkuntza betebeharretako bat.

Ikasleen euskara ezagutzari buruzko datuak

Ikastaro batean izena ematera doan herritarrak, matrikula orria betetzean, zehaztu behar izaten du euskaraz ulertzen duen ala ez. Gaur egun ikastaroak egiten ari diren ikasleen % 90 gai dira monitoreak euskaraz emandako azalpena ulertzeko. 2003. urtetik hona 15 puntu egin du gora ikastaroetan euskaraz ulertzen dutenen kopuruak.

Udalaren eskaintza eta erabilera

2019-2020 ikasturterako 25 ikastaro eskaini ditu Udalak kultur etxean. Horietatik 15, euskaraz ─altzarien itxura berritzea, antzerkia, argazkigintza digitala, arropa konponketa (2 talde), dantza garaikidea (2 talde), dantza latinoak, egur taila, patchwork, pintura, tai-chi, yoga (2 talde) eta zeramika─.

Ikastaro horietan izena emateko nahikoa izaten da herritarra gai izatea monitoreak euskaraz emandako azalpena ulertzeko; ez da ezinbestekoa euskaraz komunikatzeko gai izatea. Udalak bereziki zaintzen du herritarrek ikastaroak euskaraz egiteko egin duten hautua. Euskara ikasten ari denari, euskara praktikatu nahi duenari nahiz euskaraz bizi nahi duenari Udalak beste gune bat eskaintzen dio.

Horrekin batera, garrantzitsua da ikaskideen arteko harremanak ere euskaraz izatea, nahiz eta ikaskide izan euskaraz ulertu bai, baina euskaraz hitz egiteko zailtasuna duena.  Gaztelaniarako joera duen ikaskidearen aurrean bi portaera izan ahal dugu:  gaztelaniara pasatzea ala modu naturalean euskaraz jarraitzea. Era horretara eginda euskaraz egiteko gonbidapena jasoko du ikaskideak.

Guztion esku dago euskarara murgiltzeko eskua luzatzea eta euskaraz komunikatzea ahalbideratuko duen giroa sortzea

Gainerako 10 ikastaroek ez dute hizkuntza aldez aurretik definituta. Alegia, ikasleen euskara ezagutzaren arabera, monitoreak hizkuntza egokitu egiten du klaseetan. Beraz, ikastaro horietako batean ikasle guztiak gai badira monitoreak euskaraz emandako azalpena ulertzeko, klaseak euskaraz ematen dira. Euskaraz emandako azalpena ulertzen ez dutenen kopuruaren baitan klaseak nagusiki euskaraz edo ele bitan ematen dira. Ikasturte honetan 2 taldetan ematen dira klaseak nagusiki euskaraz, eta gainerako 8tan, ele bitan. Ez da eskaintzen eta ez da ematen ikastarorik gaztelaniaz

Zein hizkuntzatan ematen dira ikastaroak?*

% 60 ematen da euskaraz
% 9, nagusiki euskaraz
% 31, ele bitan
*azaroan jasotako datuak

Ikasleen iritzia ikastaroen hizkuntzaren inguruan

Ikasturte amaieran inkestak pasatzen dira ikasleen artean, eta inkesta horietan ikastaroaren hizkuntzarekin zerikusia duten galderak ere egiten dira.

Aurreko ikasturteko inkestetan, besteak beste, bi datu hauek jaso zituen Udalak:

    • Euskaraz eskaini ziren ikastaroetako ikasleen % 90 gustura egon ziren, klaseak euskaraz edo nagusiki euskaraz jaso zituelako.
    • Jasotako 242 inkestetatik 4k bakarrik adierazi zuten ez zeudela gustura ikastaroaren hizkuntzarekin.