Berriak
2024·09·03
Kulturarteko Plaza Feministan indarberrituta hasiko da ikasturte berria. Udazkeneko Jabetze Eskoletan izena emateko epea izango da irailaren 9tik 20ra (Abentura gaitezen! tailerrerako izen-ematea 13an bukatuko da). Hain zuzen ere, Jabetze Eskolen ikasturte berria hasteko, irailaren 20an (22:00), Leoka labaderoan Danele Sarriugarte eta Miren Narbaizaren Poperra, afterra, utopia emanaldia izango da (euria eginez gero, irailaren 27an izango da emanaldia).
Maitasunaren kapital feministaz gogoeta eta eztabaida saioa ere antolatu du Kulturarteko Plaza Feministak udazken honetarako (euskaraz eta gazteleraz). Saio hauetan izena emateko epea ere hilaren 9tik 20ra izango da.
Etorriberriei euskara erakusteko bolondresentzako bilera antolatu dute Udalak eta AMHERrek
Honez gain, Udalak eta AMHER-Sos Arrazakeriak elkarlanean Hernanira etorriberriei euskara erakusteko prest dauden bolondresentzako aurkezpen bilera antolatu dute, hilaren 17rako (18:30).
AMHER-Sos Arrazakeriak ekintza gehiago ere antolatu ditu hilabete honetarako. Lehenengoa gaur bertan izango da, ikasturte hasiera ospatzeko merka-topaketa (16:30etik aurrera). Hilaren 9an, AMHERreko emakumeentzako topaketa izango da (17:00); 16an etxeko langileentzako trebakuntza eskolako saioa, Emausekin elkarlanean eta hilaren 27an, ibilaldia (10:00).
Gainera, irailaren 23an (16:30) Insumisas podcastaren Etxeko langileen partaidetza eta autoantolaketa-esperientziak saioa zuzenean emitituko dute Kulturarteko Plaza Feministatik.
Iraileko erakusketa, mikrokredituei buruzkoa
Irailaren 29a arte Oikocrediten Garapen positiboa. Hegoaldeko pertsona pobretuei beste begirada bat argazki-erakusketa dago ikusgai. 18 argazkitan, Afrika, Asia, Latinoamerika eta Kariben mikrokredituen bidez martxan jarritako enpresa-proiektuek bultzatutako ahalduntze eta komunitatearen garapena erakusten dute. Inaugurazioa irailaren 12an izango da, 18:30ean.
Irailaren 9tik aurrera, ohiko ordutegia izango du Kulturarteko Plaza Feministak: astelehenetik ostiralera 09:30-21:00, eta larunbatetan, 09:30-13:00ak.