Berriak
Atzealdea Kulturarteko Plaza Feministako udazkena, hitzaldi, saio ireki eta tailerrez josia
2025·10·03
Kulturarteko Plaza Feministan gai asko eta aski interesgarrien inguruan aritzeko aukera izango dute herritarrek urria honetan.
Lehenengo ekintzak datorren astean bertan izango dira. Asteartean (urriak 7, 18:30), Abeer M. Al-Butmeh Ingurugiro ingeniaria eta PENGON-Foe Palestine ingurugiroaren defentsarako sareko koordinatzailearen hitzaldia izango da. Emakume palestinarrak: bizitzaren aldeko ahotsak izenburuarekin, emakume palestinarren lana eta erresilientzia estrategiak ikusaraziko ditu. Hizlaria bertan izango da, baldin eta Zisjordaniatik ateratzek baimena ematen badio Israelek. Bestela, online emango da hitzaldia (ingelesez, espainierara itzulpenarekin). Hitzaldia UNRWA Euskadik antolatu du.
Bigarren ekintza ere hitzaldi bat izango da, AEK-ko Zilegi Eskolak antolatuta (urriak 10, ostiral, 18:30). Marta Luxanek gidatuta, Maider Galardi eta Olatz Dañobeitiak Euskal gatazka ikuspegi feministatik aletuko dute.
Pedagogia feministen inguruko saio irekia, hilaren 22an
Hurrengo saioak aurrerago izango dira. Hilaren 21ean (asteartea, 18:00), Atzerritartasun Legeari buruz ariko da Elena Stati, SOS Arrazakeria Gipuzkoako abokatua. Zehazki, egoerak erregularizatzeari buruz ariko da (espainieraz).
Urriaren 22rako, Hernaniko Udalak Zergatik behar ditugu pedagogia feministak? saio irekia antolatu du (17:30). Iaz, pedagogia feministen inguruko diagnosia egin zen eta orain, diagnosi hori osatu nahi da herritarren eta eragileen parte-hartzearekin.
Urriko hurrengo hitzaldia Emakumeen Jabetze Eskolaren baitakoa izango da. Isabel Mellen historialari arabarrak Sexua garai Erromanikoan izango du hizpide hilaren 23an (osteguna, 17:00-19:30, espainieraz).
Euskal literatura eta zahartzaroari buruzko hiru saio, Gogoeta eta Eztabaida Feministen edizio berrian
Era berean, urrian Gogoeta eta Eztabaida Feministen edizio berria hasiko da. Oraingoan, Zahartzeko manerak euskal literaturan izango da saioetan landuko den gaia, Iratxe Retolazak gidatuta.
Izen-ematea hilaren 13tik 22ra izango da, online hernani.eus-en. Lehenengo saioa urriaren 29an izango da eta hurrengoa azaroaren 5ean. Azken saioa, abenduan, Mari Luz Estebanekin eta Yolanda Arrietarekin saio irekia izango da.
Gogoeta eta Eztabaida Feministen edizio berriari buruzko informazio gehiago, udal ekipamentuetako banaketa puntuetan eskura daiteke.


