Berriak

Atzealdea Kulturarteko Plaza Feministan, HARIAK zinemaldia eta gehiago azaroan

‘Bizilagunak’ ekimena ere izango da eta izena emateko epea irekita dago azaroaren 7a arte

2024·10·28


Azaroa HARIAK erresistentzia istorioen zinemaldiaren hilabetea bihurtu da Kulturarteko Plaza feministan. Hain zuzen ere, azaroaren 7tik 17ra Euskal Herriko eta mundu zabaleko erresistentzia istorioak ezagutzeko hamar dokumental, hamaika solasaldi, musika eta dantza... izango dira (informazio gehiago: hemen).

Hala ere, bestelako zenbait ekintza ere izango dira datorren hilabetean: azaroaren 4an, etxeko langileentzako trebakuntza eskolako saio berria izango da. Oraingoan Hitzetik ekintzetara: lidergotza eta komunikazioa landuko dituzte (16:30-18:30), Emausek eta Sos Arrazakeriak antolatua.

Bizilagunak, elkar ezagutzeko bazkaria

Azaroaren 24an, Bizilagunak ekimena izango da, AMHER-SOS Arrazakeriak antolatuta. Bertako eta iritsi berriak diren familiak bazkaltzeko elkartuko dira  elkar ezagutu, kohesioa landu eta estereotipoak gainditzeko. Ekimenean parte hartzeko, azaroaren 7a arte egongo da izena emateko aukera: AMHERren bulegora joanda (Kulturarteko Plaza Feministan), whatsappez 650 294 390 telefonora idatzita edo online. Hurrengo egunean, hilak 25, AMHER-eko emakumeen topaketa izango da (17:30).

Azaroaren 25a Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna da. Kulturarteko Plaza Feministak Hernanin antolatuko diren mobilizazioei adi egon eta parte hartzera gonbidatu nahi ditu herritarrak.

Honekin lotuta, Kulturarteko Plaza Feministak gogoan du azaroaren 30ean Greba Feministaren urteurrena izango dela. Hori dela eta, "aldarrikapenak ez ahazteko" deia egin dute eta "zaintza publiko-komunitarioaren alde mobilizatzekoa".