Berriak

Kulturarteko Plaza Feministaren udazkena, ekimenez lepo

Bi liburu aurkezpen izango dira urrian

2024·09·27


Kulturarteko Plaza Feministak urriko egitaraua aurkeztu du. Finantza etikoa, liburu aurkezpenak, trebakuntzak, topaketak, erakusketak eta beste izango dira datorren hilabetean.

Kulturarteko Plaza Feministaren proiektuaren beraren garapenaren inguruko lan-saioa egingo da urriaren 11n (18:00, elebitan). Kulturarteko Plaza Feminista ebaluatu, partekatu eta garatzeko borondatea dutenei egiten zaie deia. Bi orduko saioa izango da eta haurren zaintza zerbitzua izango da.

Bi liburu aurkezpen ere izango dira. Lehena, Zenbat lo? album ilustratua izango da (urriak 8, 18:30). Nekane Txapartegiren bizipenak abiapuntu hartuta, haur batek kartzelarekin eta preso duen amarekin duen harremana kontatzen du. Txapartegi bera eta liburuaren idazlea eta ilustratzailea, Iraitz Lizarraga eta Izaro Lizarraga, izango dira aurkezpenean.

Beste liburu aurkezpena Emakumeen Jabetze Eskolen egitarauaren baitakoa izango da. Irantzu Varela kazetariak Lo que quede aurkeztuko du, Su Hernandezek gidatuta.

Transare, Gipuzkoako trans topaketa irekia izango da urriaren 19an

Kulturarteko Plaza Feminista bada berdintasunarekin, kulturartekotasunarekin eta lankidetzarekin lotuta lan egiten duten eragileei irekia dago. Hori dela eta, urriaren 2an (18:30, gazteleraz) Finantza etikoen eta Bidezko Merkataritzaren jardunaldia izango da, Oikokredit Euskadi, Kidenda eta Euskadiko Finantza Etikoa Elkarteek antolatuta. Ekuadorko Maquita, bidezko merkataritzako kooperatibako bi kidek parte hartuko dute: Fatima Jesus Cruz Cordonesek eta Jose Javier Erazo Martinezek.

AMHER-Sos Arrazakeriak etxeko langileentzako trebakuntza eskolarekin jarraituko du. Hilaren 10ean (osteguna) Aldaketa txikiak, inpaktu handiak landuko dute. Hilaren 21ean berriz, AMHEReko emakumeen topaketa izango da (17:00).

Loratuz Lotu trans helduentzako elkarteak Transare Gipuzkoako trans topaketa irekia Kulturarteko Plaza Feministan egingo du urriaren 19an (12:00). Hain justu, hurrengo eguna, urriaren 20a, Trans Despatologizazioaren Nazioarteko Eguna izango da.

Azkenik, AMHER-Sos Arrazakeriak, Stop Kaleratzeak eta Hernani Burujaberen baitako Etxegura herritar taldeak elkarrekin lan-saioa antolatu dute urriaren 29rako (18:30). Hernanin ezinezkoa al da etxebizitza alokatzea? galderatik abiatuta, egoera eta esperientziak bildu nahi dituzte.

Erakusketa bakarra ez, bi

Urrian erakukesta bakarra ez, bi izango dira Kulturarteko Plaza Feministan. Lehenengo hamabostaldian (irailaren 30etik urriaren 11ra) Ikusezinen aztarnak erakutsiko ditu Sos Arrazakeriaren Gipuzkoako Etxeko Langileen taldeak. Collage bidezko hausnarketaren bidez, etxeko lanen eremuan zaintzak aitortzearen beharraren inguruko aldarri politikoa egingo dute.

Urriaren 14tik 31ra, aldiz, Errudunak? erakusketa egongo da ikusgai. KarmeLaHoz artista performatiboaren instalazio bat izango da, artea eta kazetaritza uztartzen dituena, genero indarkeriaren inguruan. Aurkezpen ekitaldia hilaren 15ean izango da (18:30ean, gazteleraz).