Berriak
Atzealdea

Uda hasieran elkar zainduz kulturaz gozatzeko aukera paregabea

COVID-19aren pandemiaren ondorioz, San Joan jaiak bertan behera gelditu dira. Hala ere, udaren hasierako egunetan kulturaz gozatzeko aukera ez da zertan baztertu. Aforo mugatua eta segurtasun neurri zorrotzak bete beharko dira, baina kultura kalera aterako da berriz ere. Udari ongietorria emateko aukera paregabea.

2020·06·15


Ekainaren 20an, larunbatean, abiatuko da "Kultura gozatu, elkar zaindu" izenburupean udari ongietorria emateko antolatu den ekitaldi sorta. Chillida Lekun izango den "Iceberg" dantza ikuskizunak zabalduko du egitaraua, larunbatean. Bi saio izango dira, bat 12:00etan eta bestea, 20:00etan. Hernaniarrek lehentasuna izango dute ikuskizun honetan, aforoaren erdia baino gehiago hernaniarrentzat erretserbatuta dagoelako. Sarrerak gaurtik aurrera eros daitezke, Biteri kultur etxean. Info +

Ekainaren 23an, 24an eta 25ean izango da herrian bertan kulturaz eta giro onean gozatzeko aukera (Egitaraua ikusi).

Koro Etxeberria Kultur zinegotziak esan duenez, "Hernanin sortzaile asko eta talentu handikoak dauzkagula jakina zen", eta egoera honetan inoiz baino ageriagoan geldituko da. Hartara, herriko sortzaileei beraiei eskerrak eman nahi izan dizkie, "egoera berezi honetan izan duten jarrera prestuarengatik", nahiz eta alarma egoerak behartuta, "nolabaiteko inprobisazioa eta etengabeko aldaketak" nagusi izan diren.

Jai Batzordearekin elkarlanean landutako ekitaldiak izan direla nabarmendu du Etxeberriak, eta bidean izan diren "zailtasun guztien gainetik emaitza oso txukuna dela iruditzen zaigu".

Ekitaldiak mugatuak dira, hala nola, musika emanaldiak eta bertso jaialdia. Herritarrek eserita egon beharko dute eta segurtasun neurri guztiak bete beharko dituzte. Aurretik gonbidapena eskatu beharko da parte hartu ahal izateko. Eskaerak aforoa gainditzen badu, zozketa egingo da.

Kultur zinegotziak egun hauetan zentzuz eta arduraz jokatzea eskatu du: "Denok jokatu behar dugu arduratsu".