Berriak

Atzealdea Langile ikastolako Laubidietako itxitura berrituko da, oinezkoentzako espaloia ere eraikiz

Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publiko guztietan egingo dira mantenu eta hobekuntza lanak uda honetan

2025·07·01


Langile ikastolaren Laubidieta eraikinaren kanpoaldeko itxitura berritu eta espaloia egiteko lanak hasi dira. Karobieta auzoko errepide aldeko hesiak eskola eremua eta oinezkoen ibilbidea bereizten ditu.

Eremuaren egoera dela eta, horma berria eraikiko da eta berdegunea zehaztu, irisgarritasuna bermatuko duen espaloia eraikitzeko. Horretarako, bertan dauden motzondoak kendu beharko dira.

Lan hauen ondorioz, eskola-eremua itxita egongo da hilabetez.

Langile eta Urumea ikastoletako galdarak aldatuko dira

Uda sasoia herriko Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan mantenu-lanak, berrikuntzak eta hobekuntzak egiteko baliatzen da.

Egingo diren beste lanen artean, Langile ikastolaren Laubidieta eraikinean eta Urumea ikastolan galdara-gelak aldatzeko lanak daude. Horiez gain, Urumea ikastolaren kasuan, psikomotrizitate gelako pertsianak motorizatuko dira eta gela batzuetan toldoak jarri. Mantentze-lanen artean, pintura lanak eta iturrien konponketak egingo dira.

495.000 € ikastetxeetan hobekuntzak egiteko

Langile ikastolaren kasuan, Meabe eraikineko hainbat geletan zorua berrituko da, Laubidietan mantentze lanak egingo dira parkour eremuan eta bolatokian, instalazio elektrikoak zuzenduko dira eta bizikleta eta patineteen aparkalekuak moldatu.

Elizatxo ikastolan eraikin berriko goiko solairuko geletan toldoak jarri dira eta aterpe berrian egurrezko harmailekin eremu lasaia sortuko da.

Hernani Haur Eskolan ere egingo dira hainbat lan: bi geletan toldoa jarri eta gelen moldaketa.

Guztira, 495.000 € bideratuko ditu Udalak Hernani haur eskola, Elizatxo, Langile eta Urumeako instalazioak hobetzera.