Berriak
Atzealdea

Udal Gobernuak datozen lau urteotarako herritarrekin hartutako konpromisoak aurkeztu ditu

Udal Gobernuak 2019-2023ko Legealdi Plana aurkeztu du. Hiru iturri ditu plan horrek: lehenengoa, EH Bilduk maiatzeko hauteskundeetan aurkeztu zuen herri programa -ehun bat herritarrek sortua-; bigarrena, aurreko gobernuak hartutako konpromisoak eta, hirugarrena, auzotarrekin eta herri mugimendu eta elkarteekin egindako bileretan antzemandako beharrak.

2019·11·20


Xabier Lertxundik alkateak azaldu du 2019-2023 Legealdiko Plana zertan oinarritzen den. Hiru ardatz ditu: "Plan honetan jasotzen diren asmoak, proiektuak eta filosofia ez da hemen gaudenon burutazioen emaitza", argitu du alkateak. "Legealdi Plan hau Hernaniko EH Bilduk joan zen maiatzeko hauteskundeetan aurkeztu genuen programaren garapena da. Herri programa da, beraz, gure legealdi planaren oinarria".

Herri programa osatzeko prozesua nabarmendu du Xabi Lertxundik: "Oso prozesu irekia, partehartzailea eta aberasgarria izan zen. Ehun pertsonak baino gehiagok parte hartu zuen herri programaren diseinuan.

Prozesu haren emaitza izan zen lau urte barruko Hernani baten argazkia. "Argazki horrek filtro batzuk pasa ditu, noski, Udalak dauzkan baliabide ekonomikoak eta teknikoak aintzat hartzen dituenak".

Herri programaz gain, aurreko gobernuak martxan zituen zenbait proiektu bideratzeko eta amaitzeko konpromisoa haien gain hartu dutela nabarmendu du alkateak. Hirugarren ardatza da "auzotarrekin eta herriko beste eragileekin dauzkagun bileretan azaltzen diren beharrrak. Horietako batzuk ere txertatuta daude plan honetan eta pixkanaka pixkanaka denak asetzen saiatuko gara", adierazi du Lertxundik.

Legealdi Plan honetan azaltzen da "zer egin nahi dugun eta nola eta zertarako egin nahi dugun", hau da, egitasmo zehatzak eta lan lerroak eta irizpideak. "Hartara, egin nahi ditugun proiektu guztiek irizpide batzuk dituzte komunean: modu partehartzailean egin nahi ditugu, eta jasangarritasunean eta parekidetasunean oinarrituta egon behar dute", azaldu du.

"Dokumentu bizia da"
"Dokumentu hau gure legealdiaren oinarria izango da, gure norabidea markatuko du, baina ez da dokumentu itxi bat: gure herria bizia da, dinamikoa, bizitza bera bezalakoa; eta ezin ditugu aurreikusi lau urtetan gerta daitezkeen guztiak. Beraz, gure legealdi planak, bidea markatuko digun arren, ez gaitu erabat mugatuko, sor daitezkeen behar berriei edo urgentzia berriei ere ahalik eta modu egokienean erantzuteko lan egingo dugu, eta, beharrezkoa baldin bada, proiektu batzuk aldatu, gehitu edo kenduko ditugu herritarrek horrela erabakitzen badute", esan du alkateak.

LEGEALDI PLANAREN ZUTABEAK
Hernani jasangarria, aktiboa, solidarioa eta euskalduna
    • Giza eskubideak eta eskubide sozialak bermatzea
    • Garapen eredu jasangarria bultzatzea
    • Herritar aktiboak, burujabeak eta partehartzaileak sustatzea
    • Euskara eta kultura sustatzea

PROIEKTU ESTRATEGIKOAK
    • Sormen Gunea
    • Kulturarteko Plaza Feminista
    • Beterri-Buruntza eskualderako garapen agentzia
    • Bizikidetza: gatazkaren ondorioak eta oroimena berreskuratzeko ikerketak eta erreparazio ekintzak
    • Partaidetza Plana. Partaidetza kultura zabaltzea
    • Herriko Merkataritza Biziberritzeko Plana martxan jartzea
    • Industria eta jarduera ekonomikoa: Estubegi, Galarreta
    • Auzoak: Lizeaga, Sorgintxulo, Portu-Elizatxo, Elizatxo goikoa, Urbieta kalearen peatonalizazioa, Alde Zaharra Biziberritzeko Plana
    • Aparkalekuen azterketa: errotazio sistema, aparkaleku publikoen handitzea
    • Energia burujabetza: Energia Plana garapena. Energia berriztagarrien aldeko ekintzak
    • Langile publikoen behin-behinekotasuna murriztea

PLAN ESTRATEGIKOAK
    • Berdintasun Plana
    • Energia Plana
    • Euskararen Normalkuntzarako Plana
    • Mugikortasun Plana
    • Irisgarritasun Plana
    • Alde Zaharra Birgaitzeko Plana
    • Merkataritza Plana
    • Kultura Plana
    • Turismo Plana

 Legealdi Plana 2019-2023