Berriak
Atzealdea Legealdiaren hiru laurdenak beteta, Gobernu Planaren betetze-mailaren balantzea
2026·07·24
Legegintzaldiaren hiru laurdenak beteta, Hernaniko Udal gobernuak Gobernu Planean jasotako 135 neurrien egoeraren balantze berria aurkeztu du Gobernu Plana aurkeztu zenean hartutako konpromisoari eutsiz, herritarrei neurri bakoitzaren garapenaren berri modu gardenean emateko.
Duela urtebete egindako balantzean, gobernu programako hamar neurritatik sei beteta edo betetzeko bidean zeudela azaldu zen. Harrezkero, hainbat proiektuk garapen nabarmena izan dute eta gaur egun planean jasotako neurrien %89 amaituta edo bideratuta dago.
Gobernu Planeko proiektu estrategikoak bideratzen
Etxebizitzaren arloan, aurrerapen esanguratsuenetako bat izan da Hernani etxebizitza gune tentsionatu izendatu izana (Gobernu Planeko 1. neurria). Gobernu Planak aurreikusten zuen izendapen horren bidez alokairuaren prezioa mugatzeko tresnak aktibatzea eta etxebizitza eskubidea bermatzeko urrats berriak ematea.
Neurri horrekin lotuta, Florida auzoko garapena (2. neurria) ere bidean da. Planaren helburua degradatutako eremu hori biziberritzea eta bertan babes publikoko 308 etxebizitza eraikitzea da, gazteen emantzipazioa errazteko. Gaur egun urbanizazio-lanak martxan daude eta, aldi berean, Udalak dagokion aprobetxamenduaren %15ean jasoko lituzkeen bost etxebizitzen eta lokal baten ordez, legokion lursaila Eusko Jaurlaritzaren esku jartzeko proposamena egin du. Horretarako, Udalak bere gain hartuko lituzke lursailaren deskontaminazio- eta urbanizazio-kargak, Jaurlaritzak lursaila baldintza egokietan jaso eta bertan alokairu babestuko etxebizitzak sustatu ahal izan ditzan. Jarduketa horiek Gobernu Planeko etxebizitza publikoaren parkea handitzeko eta alokairu babestua sustatzeko neurriarekin (5) bat datoz.
Bestalde, kulturaren eta hirigintzaren arloko proiektu estrategikoetan ere aurrerapauso handiak eman dira. Kultur ekipamendu berriaren (16) ideia-lehiaketa amaitu da eta hurrengo pausoa proiektuaren idazketa egitea izango da. Gobernu Planak aurreikusten duen moduan, eraikinaren diseinua ideia-lehiaketa bidez aukeratu eta haren erabilera Kultur Mahaiaren laguntzarekin zehaztu da.
Proiektu horren baitan definituko da, era berean, kultur ekipamenduaren azpian eraikiko den lurpeko aparkaleku publikoa (6), zeinak erdigunea oinezkoentzat atseginagoa eta seguruagoa egitea duen helburu. Kultur ekipamendu berriak eta haren inguruko espazio publikoaren antolaketak eremu osoaren konfigurazioa aldatuko dutenez, ondoren berraztertu eta egokituko dira Ezkiaga eta Izpizuaren bulebarizazioaren proiektua (7) eta Lizeagako parkearen eta aparkalekuen berrantolaketa (15). Horrela, bi jarduketak ekipamendu berriak sortuko duen hiri-egiturara egokituta garatuko dira.
Aurrerapenak herri lanetan eta auzoetan
Azken hilabeteetan herri osoan zehar hainbat jarduketa gauzatu dira. Gobernu Planari lotutako neurriei dagokienez, lorezaintza zerbitzuaren eredua berritzeko lanak (105) abiatu dira, herriko berdeguneen kudeaketa modernizatzeko helburuarekin. Osinaga eta Santa Barbarako bideak oinezkoentzat seguruago eta atseginago egiteko neurria (46) ere gauzatu da; eta Ibaiondoko autokarabanen gunea (86) egokitu da.
Kirol arloan, kiroldegiko barruko espazioak berrantolatzeko proiektuaren baitan rokodromo berria (88) jarri da martxan, herritarren behar berriei eta kirol-kluben eskaerei erantzuteko; eta auzoetako kirol ekipamenduak berritzeko lanek (92) ere aurrera egin dute.
Era berean, Elizatxo 60-66ko obrak (111) martxan daude, 1,5 milioi euroko inbertsioarekin; Portu-Elizatxo urbanizazioaren bigarren faseko (108) margoketak egiten ari dira; Atarrabiyoko parke inklusiboa (117) garatu da eta Santa Barbarako gotorlekua (122) zein Karobietako burdinolak (123) balioan jartzeko proiektuek ere aurrera egin dute, herriko ondare historikoa berreskuratzeko helburuarekin.
Trantsizio ekosozialean eta burujabetzan pauso berriak
Trantsizio ekologikoaren arloan ere Gobernu Planak aurreikusitako hainbat neurri garatu dira. Udal eraikinen autosufizientzia energetikorako lanei (40) jarraipena eman zaie. Horren barruan, udaletxeko teilatua birgaitu da energia berriztagarrien sorrera handitzeko eta eraikinaren energia-eraginkortasuna hobetzeko. Bestetik, Zero Waste ziurtagiriaren laugarren izarra lortu du Hernanik ziurtagiriaren konpromisoak betetzeko helburua (45) betez, eta hondakinen prebentzioan zein ekonomia zirkularrean egiten ari den lanaren aitortza gisa.
Elikadura burujabetza indartzeko, Udalak Karabeleko lurrak erosi ditu (73). Inbertsio estrategiko horri esker, Nekazaritza Eskola eta elikadura burujabetzarekin lotutako proiektu berriak garatuko dira bertan, etorkizuneko gerriko agroekologikoaren oinarriak ezarriz.
Tokiko ekonomiaren arloan, berriz, datozen urteetarako Merkataritza Plan berria (80) lantzen hasi da Udala, sektoreko eragileekin elkarlanean. Planaren helburua tokiko merkataritza indartzea, herriko saltokien lehiakortasuna hobetzea eta tokiko kontsumoa sustatzea da.
Gizarte politikak eta bizi kalitatea
Gizarte politiketan ere hainbat neurri sendotu dira. Etxez etxeko laguntza zerbitzua hobetzeko ordenantza berria (52) onartu da, herritarren behar berrietara egokitutako arreta eskaintzeko. Kirol orientazio zerbitzua (94) ere martxan dago, bizi-ohitura osasungarriak sustatzeko; haur eta nerabeen jarduera fisikoa sustatzeko programazioa (64) zabaldu da, kirol ikastaroen eskaintza nabarmen igoz; eta kirol klubekin euskararen erabilera sustatzeko planak (103) garatzen hasi dira, zortzi klubekin lau urterako euskara planak adostuta.
Bestalde, Txotx garaiko eredua berritzeko prozesua (125) ere martxan dago, herriko jarduera ekonomikoa, bizikidetza eta jai giroa uztartuko dituen antolaketa eredu berria garatzeko. Eragile ezberdinekin osatutako mahaiak gidatzen duen prozesu honek iragana, oraina eta etorkizuna uztartuz, epe luzeko ikuspegiarekin herri izaera sendotzea eta sagardoaren kulturaren kontakizuna osatzea du helburu.
Atzerapenak eta zailtasunak
Gobernu Planeko neurri gehienak aurreikusitako bidetik doazen arren, zenbait proiektuk egokitzapenak edo atzerapenak izan dituzte. Ave Mariako sormen gunearen proiektuan (17), eraikin osagarriak eraikitzeko aurreikusitako lursaileko lur-baldintzek hasieran aurreikusitakoa baino konplexutasun handiagoa dutela agerian geratu da. Horrek proiektuaren kostua nabarmen handitzea ekarriko lukeenez, hasierako planteamendua berrikusi behar izan da, eta, ondorioz, proiektuaren gauzatzea mugatzeaz gain, atzeratu egin behar izan da.
Zubipeko kirol instalazioen berrikuntzan (89) ea auzoetako saneamendu lanetan (114), lizitazio prozesuek ez dute aurreikusitako garapena izan, eta horrek jarduketen egutegia atzeratzea ekarri du.
Bestalde, Osinagako zubiaren (112) eta udal artxiboaren (119) proiektuak berrantolatu egin behar izan dira, arau fiskalek ezarritako gastu-mugak baldintzatuta. Horrenbestez, ez dira baztertu, baina haien garapena etorkizuneko baliabide ekonomikoen eta inbertsio-plangintzaren arabera egokituko da.
Legealdiaren azken urteari begira, udal gobernuak adierazi du lehentasuna izango dela martxan dauden proiektu estrategikoak bukatzea eta Gobernu Planean hartutako konpromisoak ahalik eta osotasun handienean gauzatzea. Orain arte egindako jarraipenak erakusten du planean aurreikusitako neurri gehienak dagoeneko amaituta edo bideratuta daudela, eta legealdia amaitu arte lanean jarraituko du Udalak gainerakoak ere gauzatzeko.

