Berriak

Atzealdea Lehen sektorearen inguruko diagnostikoa egin du Hernaniko Udalak, haren izaera estrategikoa aitortuta

2024·11·21


Lehen sektorea bizirauteko krisi larrian da Hernanin eta Euskal Herri osoan. Azken hamabost urteetan nekazari eta abeltzainen %90k utzi du aktibitatea lehen lan jarduera nagusi gisa Hego Euskal Herrian. Horrek erakusten du sektorearen eredua agortuta dagoela. Hernaniko udalak uste du, krisi larria den honetan, bertako ekoizpena sutatzeko politika publikoak ezinbestekoak direla elikadura burujabetzara iristeko urratsak egiten joateko.

Aurrera begira hartu beharreko urratsak hobeto finkatzeko, sektorearen argazkia ahalik eta zehatzena egiteko lehen sektorearen diagnostikoa egin du Hernaniko Udalak, eta hainbat ondorio atera ditu azterketa horretatik. Atzo egin zen diagnostikoaren aurkezpen publikoa udaletxean, eta, udaleko teknikari eta ordezkari politikoek ez ezik, eragileek parte hartu zuten bertan: Henase nekazarien kooperatiba, Herrilur kontsumo elkartea eta Bertatik Elikatuz elikagaien transformazio zentroa.

Diagnostikoa egiteko sektoreko 37 ekoizle elkarrizketatu ditu udalak. Lehen sektoreko aktibitateren bat martxan dutenen heren bat 65 urtetik gorakoek osatzen dute, eta erdiak 40 eta 65 urte artekoak dira. Soilik %19 dira 40 urtetik beherakoak. Horrez gain, jardueraren jarraipenaren arazoa islatzen du diagnostikoak: baserrien %45ek ez du oinordekotzarik bermatuta. Diagnostikoaren arabera, “era profesionalean salmenta bidea egonkortuta izan arren, inbertsioak eginak, lanpostuak sortuak, etxeko transmisioa ez da bermatzen. Gaia delikatua izanik, estrategiak lantzea garrantzitsua da egoera horri erantzuteko”.

Hernanin nekazaritzan eta abeltzaintzan ari direnen %56 jarduera profesionalean ari dira, eta gainerakoak, berriz, ez profesionalean. Sektorean jardun osoz ari ez direnek badute zeresanik lurraren kudeaketan, bereziki ganaduzaleek, eurak baitira bost hektarea baino gehiago duten eremu gehien kudeatzen dutenak. Beraz, sektoreko lur azalera gehien kudeatzen dutenak (%39) ez dira profesionalak, eta haragitarako behiak izaten dituzte gehienetan. Aldiz, baratza dutenak bai dira profesionalak, eta %22k 1-3 hektarea artean kudeatzen dituzte, eta %22k hektarea bat baino gutxiago.

Ekoizpen konbentzionala da gehien erabiltzen dena, bai baratzetan eta baita haragiaren sektorean ere. Horrek gogoeta eskatzen du trantsizio ekologikoaren bidearen ereduari buruz, diagnostikoaren arabera.

Nekazari produktuen komertzializazioari dagokionez, azoken eta salmenta zuzenaren bidez merkaturatzen dira produktuen %40 inguru, gehienak baratzekoak. Bitartekarien bidez saltzen da ekoitzitakoaren %27,6 Hernanin, eta denden bidez %8,2.

 

Langileak eta Hernani Burujabe

Etxekoen laguntza izaten ohi du ustiategiko titularrak gehienetan, jarduera aurrera ateratzeko modu gisa. Ustiategi profesionaletan uzta sasoia iristen denean, kontratazioak egin ohi dituzte. Horretarako, baina, zailtasunak izaten dituztela aitortu dute.

Hernani Burujaberen estrategietako bat da tokiko elikaduraren burujabetza sustatzea. Hernani Burujaberen berri duten lehen sektoreko kideak erdiak dira, eta elikadura mahaian egiten ari den lanari balioa emateaz gain, interes gehien non ikusten duten ere erantzun dute: %40k Bertatik Elikatuz transformazio zentroa jo dute interes handienekotzat. %23,2k, berriz, Herrilur salmenta zentroa. %17k inbertsioetarako laguntzekin agertu dute interes gehien, eta %10ek, berriz, Henase nekazarien kooperatibarekin. %6k elikadura mahaiak eman dezakeen aholkularitza jo dute beharrezkoen, eta %3k nekazaritza eskola.

​​​​​​​