Berriak
Atzealdea

Leokako labaderoa, zaharberritua

Joan zen ekainaren 20an hasi ziren Leokako labaderoa zaharberritzeko lanak. Amaitu berriak dira lan horiek, baina oraindik hesiekin babestuta dago. Izan ere, Leokako labaderoa Emakumeentzako jabetze eskolen ikasturte hasiera ospatzeko gunea izaten da urtero. Aurten, urriaren 14an ospatuko da ekitaldi hori, Kubako Duo Jaderen kontzertuaren eskutik, eta Leokako labaderoa orduan zabalduko zaio berriro herri osoari.

2022·10·03


Leokako labaderoa 1916. urtean eraiki zen. Bere garaian iturri eta garbileku publiko gisa erabiltzen zen. Herriko emakumezkoentzako bilgunea ere bazen. 1980an eraberritu zen baina, denboraren poderioz, egitura eta inguru osoa oso kaltetuta zegoen.

Hilabeteotan egin den zaharberritzeak bi atal ditu: lehenengoan, antzinako iturria, iturria inguratzen duen erretaula eta hareharrizko lau zutabeak tratatu dira. Eremu horretan egun zeuden landareak, goroldioa eta onddoak kendu dira, baita azalerako pintadak ere.

Ondoren, iturria eta ingurunea berreraiki dira jatorrizko itxura berreskuratzeko asmoz. Amaitzeko, grafitien aurkako sustantzia bat aplikatu da etorkizunean egin zitezkeen pintadek harriaren barruan ez sartzeko eta errazago kendu ahal izateko.

Zaharberritzeko bigarren atala labaderoaren inguruneari dagokio. Egurrezko zutabeak, labaderoa bera, harrizko hormak eta ganga edo bobedaren barruko iturria. Eremu horretan ere harrizko egiturak garbitu edo zigilatu, egurrezko zutabeak bernizatu eta margoztatu eta grafitien aurkako tratamendua ere egin da.

Lan horien kostua 27.225 eurokoa izan da.

Hernani Erabaki partaidetzako aurrekontuetan onartutako proposamena

Leokako labaderoa zaharberritzeko proposamena 2017ko partaidetzako aurrekontuetan onartu zen. 9.000 euroko partida aurreikusi zen horretarako, baina azterketa egin ondoren, labaderoaren egoera uste baino okerragoa da eta egin den esku-hartzea, sakonagoa eta integralagoa.