Berriak
Atzealdea

Leokako labaderoa zaharberritzeko lanak datorren astean hasiko dira

Datorren astelehenean, ekainak 20, Leokako labaderoaren zaharberritze lanei ekingo die Udalak. Besteak beste, hainbat elementu sendotu eta harrizko hormak garbituko dira eta egurrezko egituraren tratamendua ere egingo da.

2022·06·16


Leokako labaderoa 1016. urtean eraiki zen. Bere garaian iturri eta garbileku publiko gisa erabiltzen zen. Herriko emakumezkoentzako bilgunea ere bazen. 1980an eraberritu zen baina, denboraren poderioz, egitura eta inguru osoa oso kaltetuta dago. Hori dela eta, zaharberrituko da berriro.

Bi atal ditu zaharberritzeak: lehenengoan, antzinako iturria, iturria inguratzen duen erretaula eta hareharrizko lau zutabeak tratatuko dira.  Eremu horretan egun dauden landareak, goroldioa eta onddoak kenduko dira, baita azalerako pintadak ere.

Ondoren, iturria eta ingurunea berreraikiko dira jatorrizko itxura berreskuratzeko asmoz. Amaitzeko, grafitien aurkako sustantzia bat aplikatuko da etorkizunean egin zitezkeen pintadek harriaren barruan ez sartzeko eta errazago kendu ahal izateko.

Zaharberritzeko bigarren atala labaderoaren inguruneari dagokio. Egurrezko zutabeak, labaderoa bera, harrizko hormak eta ganga edo bobedaren barruko iturria. Eremu horretan ere harrizko egiturak garbitu edo zigilatu, egurrezko zutabeak bernizatu eta margoztatu eta grafitien aurkako tratamendua ere egingo da.

Lan horiek egiteko aurreikusitako aurrekontua: 27.225 euro BEZ barne.

Hernani Erabaki partaidetzako aurrekontuetan onartutako proposamena

Leokako labaderoa zaharberritzeko proposamena 2017ko partaidetzako aurrekontuetan onartu zen. 9.000 euroko partida aurreikusi zen horretarako, baina azterketa egin ondoren, labaderoaren egoera uste baino okerragoa da eta egingo den esku-hartzea, sakonagoa eta integralagoa.