Berriak

Atzealdea Lizeaga auzoko ur-hornidura sarea berritzeko lanak hasiko dira datorren astean

Sei hilabeteko aurreikuspena eta 528.000 €ko aurrekontua dute lanek

2026·07·17


Lizeaga auzoko ur-hornidura sarea berritzeko lanak hasiko dira datorren astelehenean. Sei hilabeteko aurreikuspena dute lanek eta 528.676,43 €ko aurrekontua. 

Helburua Lizeaga auzoko ur-hornidura sarea berritzea da. Gaur egungo sareko hoditeriaren zati handiena zaharra eta fibrozementuzkoa da. Ur-biltegiarekiko auzoak duen maila-aldea dela eta, presio nahiko altua ere badu. Hori dela eta, azken urteetan ur-ihesak eta isuriak gertatu izan dira eta, ondorioz, zerbitzuan etenaldiak egin behar izan dira. 

Egingo diren lanekin, sarea berritzeaz gain, ur-ihesak eta isuriak ekidingo dira.

Lanak faseka egingo dira

Lanak faseka egingo dira. Lizeaga kalearen bukaeratik (Victor Hugo eta Antsorena Anaien kaleko bidegurutze ingurutik) hasiko da.

Lanek eragina izango dute bizilagunengan, nahiz eta horiek ahalik eta txikienak izateko ahalegina egingo den. Batetik, ur-mozketak egin beharko dira. Horiek aurretik jakinaraziko dira atarietan, abisu bidez. 

Aparkaleku batzuk ere okupatu beharko dira tarteka, progresiboki eta beharraren arabera. 

Lizitazio kontuengatik, espero baino gehiago atzeratu dira lanak

Lanen hasiera espero baino gehiago atzeratu da, izan ere, lanen esleipen lizitazioa hutsik geratu zen ohiko prozedura egitean, ez zelako enpresarik aurkeztu. Ondorioz, publizitate gabeko prozedura negoziatu gisa esleitu behar izan du Udalak eta honek, lanak hastea luzatu du. Azkenean, Gabirondo Iturgintza SL-k egingo ditu lanak.