Berriak
Atzealdea

Loidi-Altzueta bidea berriz ere zabaltzeko lanak abian daude

Loidi-Altzueta mendi bidea konpontzeko lanak abian daude. Obren iraupena hiru hilabete ingurukoa izango da. Urtarriletik dago itxita, euriteen eragindako luiziaren ondorioz, ez zelako ez ibilgailuentzat ez oinezkoentzat bide segurua. Ordutik hona Udalak egindako pausoen berri emateko kronologia azaltzen da hemen.

2022·08·24


Loidi-Altzuetako bidearen kronologia

2022KO URTARRILA. Luizia gertatzen da eta bidea ixten da
Urte hasieran izandako euriteek ibaiaertza higatu eta luizia ere eragin zuten. Ibilgailuentzat eta oinezkoentzat arrisku handia zegoela ikusita, Udalak erabaki zuen bide hori ixtea.

Mendibide horretan segurtasuna bermatzeko ordura arte hartutako neurriak ez dira nahikoak izan eta esku-hartze handiagoa behar zela ikusi zuten teknikariek. Kontuan hartu behar da bide-zati horrek hainbat zailtasun dituela: batetik, ibaia bidetik oso gertu dago eta horrek haren zabalera asko mugatzen du, eta, bestetik, mendiaren magalak malda oso handia dauka (orografia konplexua) eta geologiak ere ez du laguntzen.

APIRILA-MAIATZA. Proiektua URAri aurkezten zaio eta horrek baimena ematen du
Horiek guztiak kontuan izanik, ingeniaritza-proiektu bat enkargatu zuen Udalak eta, apirilaren 28an www.hernani.eus webgunean argitaratu zen albistean, proiektuaren zehaztasunak eman eta proiektua URA agentziari aurkeztu zitzaiola jakinarazten zen.

Udalak apirilaren 13an erregistratu zuen proiektua eta URA agentziaren onespena maiatzaren 30ean iritsi zen. Udalak, bide hori luzaroan itxita edukitzeak sortzen dituen trabak ikusita, eta konponbidea ahalik eta lasterren emateko asmoz, aurreratu daitezkeen lanak aurreratu eta, obraren exekuzioa lizitatzeko prozedura martxan jarri zuen. Zoritxarrez, lizitazioa hutsik gelditu zen eta, horren ondorioz, lanak ahalik eta azkarren abian jartzeko asmoarekin, prozedura negoziatuaren formulara jo zen, 9/2017ko Kontratazioaren Legean aurreikusitako baldintzetan. Prozedura negoziatuan lau enpresari egin zitzaien gonbita eta batek aurkeztu zuen eskaintza. Lizitazioaren prezioa, beraz, ez zen igo. 

UZTAILA. Obraren exekuzioa esleitzen da prozedura negoziatuaren bidez
Egin beharreko tramiteak eginda, uztailaren 28an sinatu zuen enpresak kontratua. Eta obraren hasiera abuztuaren 17rako ezarri zen.

Obretarako materialak eta osagaiak, gero eta garestiagoak

Azken hilabeteetan obra materialen eta osagaien prezioek izugarrizko gorakada izan dituzte eta, horren ondorioz, obra publikoen lizitazio asko hutsik gelditzen ari dira, Hernanin eta beste leku guztietan. Hala ere, lehiaketa publikoetan lizitazioaren prezioak teknikoki justifikatuta egon behar du.

Udalak ez du egin beharreko lanen prezioa edo aurrekontua aldez aurretik mugatzen edo finkatzen, baizik eta proiektu tekniko baten lanketaren ondorioa izaten da aurrekontua eta proiektuen atal batean banakako prezioak justifikatu egiten dira. Udaleko teknikariek proiektuak gainbegiratu eta proiektuaren aurrekontua justifikatuta dagoen eta egingarria den ala ez aztertzen dute. Hala ere, lizitazioa egiterako orduan kanpo faktore asko sartzen dira jokoan: aipaturiko prezioen aldakortasuna (nabarmena azkenaldian), lanen zailtasuna obraren tamainarekiko, enpresa potentzialen lan-karga, merkatua zein puntutan dagoen, etab.