Berriak
Atzealdea

Loidi-Altzueta landa-bidean izandako luiziari konponbide egonkorra lortzeko lanean ari da Udala

Urte hasieran izandako euriteek eta horiek eragindako ibaiaren igoerak Loidi eta Altzueta lotzen dituen landa-bidearen ondoko ibaiertza higatu zuten. Segurtasuna kolokan zegoela eta, bidea erabat ixtea erabaki zen. Udal arduradunek konponbide iraunkor bat aztertu eta proiektu bat landu dute. Horren arabera, hormigoi armatuzko lauza bat eraiki eta ibaiaren hegalean ainguratuko da. Gainera, ibaiertza babesteko azaleko harri-lubeta bat eraikiko da. URA agentziaren baimenaren zain, obraren exekuziorako lizitazioa prestatzen ari da Udala.

2022·04·28


Loidi eta Altzueta lotzen dituen landa-bidea itxita dago joan den urtarriletik. Orduan izandako euriteek eta ibaiaren maila igotzeak ibaiertza higatu eta luizia eragin zuten, eta bidea oinarririk gabe gelditu zen zati batean.

Udaleko zerbitzu teknikoek hainbat aukera aztertu dituzte arazoari irtenbide iraunkor bat bilatu nahian. Kontuan izan behar da luizia gertatu zen bide-zatiak hainbat zailtasun dituela: batetik, ibaia bidetik oso gertu dago eta horrek haren zabalera asko mugatzen du, eta, bestetik, mendiaren magalak malda oso handia dauka (orografia konplexua). Geologiak ere ez du laguntzen.

Horiek guztiak kontuan izanik, ingeniaritza-proiektu bat enkargatu zuten eta jadanik mahai gainean dago. Proiektu horretan proposatzen da hormigoi armatuzko lauza mikropilotatu bat eraikitzea eta landa-bidetik gertu dagoen ibaiaren hegalean ainguratzea. Lauzak 25 metroko luzera eta 4,5 metroko zabalera izango du. Gainera, ibaiertza babesteko azaleko harri-lubeta bat eraikiko da.

Proiektuan proposatutako eskuhartzea egiteko baimena eskatu zaio Uraren Euskal Agentziari (URA). Erantzun hori iritsi bitartean, obra exekutatzeko lizitazioa ere lantzen ari da Udala, prozesua ahalik eta gehien azkartzeko asmoz.

Nabarmentzekoa da azken urteetan Udalak bide zati horren ibilgailuen segurtasuna hobetzeko neurriak hartu zituela (babes hesiak eta zirkulazioa norabide bakarrean txandakatzeko semaforoak), baina, zoritxarrez, izandako luiziaren ondorioz errepidea erabat itxi behar izan da konponketa-lanak amaitu arte, bidea gutxieneko bermearekin irekitzerik ez baitago.