Berriak
Atzealdea

Loreak, landareak, bitxiak, ukenduak eta jolasak itzuliko dira Urbietara Lore eta Landare Azokaren eskutik

1
Datorren larunbatean, hilak 20, ospatuko da Lore eta Landare azoka. IX. edizio honetan 11 postuk hartuko dute parte. Azoka Urbieta kalera bueltatzen da, eta 10:00etatik 14:30era aukera zabala aurkitu ahal izango da: lore eta landare naturalak, kosmetikako eta medikuntza naturaleko produktu artisauak, sendabelarrak eta loreekin egindako artisautza-lanak. Horiez gain, haurrentzako tailer eta jolasak ere antolatu dira. Azoka Dekolore elkarteak, Behemendi Landa Garapen elkarteak eta Hernaniko Udalak elkarlanean antolatzen dute.

2023·05·17


Aurtengo Lore eta Landare azokaren inguruko azalpenak emateko elkartu dira Urbieta kalean bertan azoka antolatzen duten erakunde eta elkarteetako ordezkari bana: Hernaniko Udaleko Merkataritza eta Turismo Arloko teknikari Jaione Irazu, Behemendi Landa Garapen elkarteko Ainhoa Amundarain eta Dekolore elkarteko Juantxo Pollacino.

"Ekoizleek eta herritarrek zuzeneko harremana izateko topagune oso interesgarria da", esan du Ainhoa Amundarainek. "Egun nagusitzen ari den erosteko ohiturak kontuan hartuta, horrelako ekimenak mantentzea garrantzitsua da tokiko ekoizleentzat".

Landareak eta loreak ikusi eta erosteaz gain, loreekin lotutako beste jarduera batzuetako ordezkariak ere izango dira. Adibidez, apaintzeko loreak, kaktusak, landatzeko landareak eskainiko dituzte Euskal Herri osotik etorriko diren postuek. Horiekin batera, xaboiak, ukenduak, apaingarriak, lore lehorrak, bitxiak, haziak... ere aurki ditzakegu azokan.

Familien arteko giroko zita izaten da azoka eta, hortaz, haurrentzat ere badago eskaintza. "Egurrezko jolasak izango dira, lorontziak apaintzeko eta loreak landatzeko tailerra, lore prentsatuen tailerra...", esan du Juantxo Pollacino, Dekolore elkarteko ordezkariak.

PARTAIDEEN ZERRENDA

 

 

1