Berriak
Atzealdea

Lorezaintzan gutxieneko zerbitzuak egingo dira osasun publikoa bermatze aldera

Konfinamendua hasi zenetik, lorazaintza zerbitzua auzokonpostaje etxolen inguruko garbiketa indartzera bideratu zen zerbitzua, eta beste lan guztiak bertan behera gelditu ziren. Hala ere, egoera luzatzen ari dela ikusita, landaretzaren gehiegizko hakzundeak kaleko osasuna eta garbiketa arriskuan jar ditzakeela diote adituek. Hori dela eta, oinarrizko zerbitzuak jarriko dira hori saihesteko.

2020·04·16


Konfinamendua hasi eta gutxira, lorezaintza zerbitzua bertan behera uztea erabaki zuen Udalak, oinarrizko zerbitzua ez zelako. Orduan erabaki zen auzo konpostajeko etxolen garbiketa indartzea, konfinamenduaren ondorioz jende gehiago etxean egonda, inoiz baino arinago betetzen direlako. Adituen arabera, eremu hauek maizago desinfektatzea komeni da koronabirusa ez dadin zabaldu, baita bertara hurbiltzen diren herritar eta langileak babesteko ere. 

Nolanahi ere, konfinamendua luzatzen ari da, eta parke eta lorategietako belarrak eta zuhaitzek hazten jarraitzen dute. Gainera, urteko hazkuntza begetatibo handieneko asteetan sartzen ari gara, eta hazkunde hori areagotuko da datozen asteotan. Hori herriko kaleetako osasun eta garbiketa arazo bilaka daiteke laster. Horretaz gain, ondasun diren eremu berdeak ere degradatu daitezke denbora luzean uzten badira. Horregatik, gutxieneko zerbitzuak jartzea erabaki du Udalak. 

Osasun publikoa bermatzeko asmoz egingo diren gutxieneko lan hauek langileen osasuna eta segurtasuna bermatzeko araudia zorrotz aplikatuta egingo dira.