Berriak
Atzealdea

MAIATZAK 17: LGBTI+fobiaren aurkako nazioarteko eguna

Udal talde guztiek adostutako adierazpenean gonbita luzatzen diete hernaniar guztiei maiatzaren 17an, 19:00etan, Plaza Berrin egingo den kontzentrazioan parte hartzera.

2023·05·16


1990eko maiatzaren 17tik, OMEk homosexualitatea gaixotasunen zerrendatik kendu zuela ospatzen da. 2018an, trans personak ere zerrendatik atera ziren eta, aurten, urrats bat harago eman da 4/2023 Legea, otsailaren 28koa, trans pertsonen benetako berdintasun eraginkorrari eta LGBTI+ pertsonen eskubideak bermatzeari buruzkoa onartzearekin batera. Urrats horiek, LGBTI+ kolektiboetako pertsonentzat ez ezik, jendarte osoarentzat balio esanguratsua ere badute.

Hala, egun honen inguruan antolatzen dira heteronormatik kanpoko pertsonen aldeko eskubideen eta diskriminazioaren aurkako jarduera hainbat, erakundeon zein eragileen eguneroko lanketa ikusarazteko eta sareak indartzeko baliagarriak direnak. Beharrezkoa da gure gizartean oraindik indarrean dagoen heteronorma zalantzan jarri eta eraldatzea; haatik, LGBTI+ kolektiboaren aurkako aurreiritzi ugari indarrean daude gure herrian. Zentzu horretan, genero-identitate, sexu-orientazio eta-adierazpen guztientzat herri bizigarria sortu behar dugu. Gizarte osoaren erantzukizuna da diskriminazio eta indarkeria mota guztien aurka borrokatzen jarraitzea.

Herritar guztion zeregina da ahaleginak batzea gizarte berdinzale, inklusibo eta anitza lortzeko. Hernaniko Udaletik eta Berdintasun Kontseilutik berdintasunerako eskubidearen eta sexu- eta genero-identitateagatiko zein sexu-orientazioagatiko diskriminaziorik ezaren alde lan egiten jarraituko dugu, aniztasunaren bizipen askea sustatzeko helburuarekin.

Aipagarriak dira ildo horretan emandako urratsak: Aimar Elosegi Ansa “Moio”ri kalea eskaintzea eta ibilbide morearen parte egitea edota Empar Pineda Erdozia. Gorputzak hala eskatua (2020) liburua argitaratzea. Hori gutxi ez eta Noiz amaitzen da armairua? (2021) memoria lanaren ondotik, datoz Armairutik Plazara! Hernaniko LGBTI+ pertsonen memoria historikoa oinarri hartzen dituen bi baliabide: dokumentala eta Bigarren Hezkuntzarako unitate didaktikoa. Biak ala biak, 2023an zehar argitaratuko dira.

Adierazpen honekin batera gonbidapena egiten diegu herritar guztiei LGBTI+ pertsonen eskubideen alde antolatutako jardueretan parte hartzera: maiatzaren 16an, 18:00etan, Armairutik plazara! baliabideen aurkezpena eta mahaingurua izango dugu, Kulturarteko Plaza Feministan. Era berean, maiatzaren 17an, 19:00etan, Plaza Berrin egingo den kontzentrazioan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu.