Mañe i Flaquer plaza eraberritzeko lanak abian daude

2023·08·03
Lan horien diseinuan auzotarrek parte hartu izan dute. Izan ere, zenbait saio egin dira, eta Udalak aurkeztutako aurreproiektuari egindako ekarpenak txertatu dira proiektuan.
Parte-hartze saioetan jasotako ekarpenak aintzat hartuta, plazari argitasun gehiago eman eta egun dauden irisgarritasun gabeziak konpontzea da helburua. Bi eremu izango ditu eta bakoitzak erabilera bat izango du. Beheko aldeak lorategi baten antza izango du, belarra eta zuhaitzekin. Goiko aldean, ostera, kirola egiteko eta jolasteko eremua izango da. Batetik bestera igarotzeko pasabide bat izango da.
Horretaz gain, koexistentzia gune bat ere sortuko da inguruan, plaza bera eta Kulturarteko Plaza Feministaren eraikina lotzen dituen errepidean. Zorua marraztuko da oinezkoei lehentasuna eman eta ibilgailuek abiadura murrizteko asmoz.
Obrak dirauen bitartean, aparkaleku batzuk ezingo dira erabili, obrako materiala eta makinak jartzeko eta kamioien igarobidea ahalbidetzeko.