Berriak
Atzealdea

Martxan da Energiaren Udal Bulegoa

Kontsumoaren murrizketa eta efizientzia energetikoa sustatzeko xedez, herritarren eta enpresen zerbitzura dagoen aholkularitza bulegoa abian jarri du Udalak. Enherkom energia berriztagarrien aldeko kooperatibako adituek kudeatuko dute udal zerbitzua. "Energia Berriztagarrien Udal Planak jasotzen du udal bulegoa eta egun, krisi larria jasaten ari garen honetan, inoiz baino beharrezkoago ikusi dugu zerbitzu hau eskaintzea", esan dute udal arduradunek.

2022·11·21


“Energiaren alorrean jasaten ari garen krisia larria da; gure eguneroko bizimodua aldatu ere egin du. Gure fakturak nabarmen igotzen ari dira, eta horrek gure ohiturak aldarazi dizkigu. Gainera, herritarroi iristen zaigun informazioa etengabe aldatzen ari da, gehienok nahastuta gaude eta ez dugu argi zein aukera ditugun eta zein den komenigarriena. Zalantza horiek guztiak argitzeko eta energiaren alorrean dauden aukerez informazioa jasotzeko Energiaren Udal Bulegoaren zerbitzua herritarren eskura jartzea behar-beharrezkoa ikusi dugu”, esan du Xabier Lertxundi alkateak.

Haren hitzetan, “bulego hau Udalak duen Energia Planaren barruan aurreikusita dago eta, gainera, honekin osatu nahi dugu Hernani Burujaberen proiektuarekin abiatu dugun bidea: herritarrak energiaren inguruan -kasu honetan- ahalduntzea eta hartzen ditugun erabakiak ezagutzarekin egin ahal izatea”.

Izan ere, 2018tik abian dugun Energia Plan horretan ohartarazten den bezala, “inoiz baino beharrezkoagoa da energia fosilekiko menpekotasuna gainditu eta berriztagarrien aldeko pausoak ematea”, erantsi du alkateak. Horrekin batera, autokontsumoaren aldeko politika ausartak egiten ari da Udala. Horren adibide da plaka fotovoltaikoak eta kontsumo komunitateen sorrera sustatzea. Hirugarren ardatza da kontsumoa murrizteko neurriak hartzea. Horretarako, ohiturak aldatzea ezinbestekoa da, baita aurrerapen teknologikoez baliatuta kontsumoa jaistea ere (led kaleko argiztapenean eta udal eraikinetan, eraikinen isolamenduaren hobekuntza...). Hernani horretan ari da, hain zuzen ere, Biteri kultur etxeko fatxadaren isolamendua egiten ari da orain, Kulturarteko Plaza Feminista passivhaus moduan birgaitzea...

“Erronka horiei guztiei heldu diegu Hernanin. Eta horrekin mamitu da Hernani Burujabe herri-proiektua, energiaren sektorean ere estrategia bat planteatzen duena”, gogorarazi du Lertxundik.

Tamara Zapiain Energia Arloko udal arduradunak esan duenez, “erronka hori bat dator Hernaniko Energia Jasangarriaren Ekintza Planaren 3. ildoarekin; Energia berriztagarriekin, alegia. Eta, bereziki 3.1.6 neurriarekin “Herritar eta enpresen sostengurako Udal Bulegoa sortzea”.

Haren hitzetan, bBulegoaren xedea herritarrei eta enpresei energia berriztagarrien ezagutza hurbiltzea eta horien erabilera sustatzea da; trantsizio energetikoan eman behar diren urratsetan lagunduz. Hernaniko energia-komunitatea sustatuz eta energia berriztagarrien bidezko autokontsumorako sistemen instalazioak ezagutaraziz; baita, diru-laguntzei eta energia aurrezteari buruzko gaietan laguntza teknikoa ematea ere”.

Fermin Arruabarrena Enherkomeko kide eta energia gaietan adituak azaldu ditu bulegoak eskainiko dituen zerbitzuak eta ordutegiak.
Energia bulegoa Gabriel Zelaia eraikinean egongo da, beheko solairuan; eta, aurrez aurreko arreta ordutegia: astearte eta ostegun goizean, 10:00etatik 13:00etara; eta arratsaldean, 15:00tatik 18:00etara izango da.

Energia Bulegoan honako zerbitzu hauek eskainiko dizkie bertaratzen direnei, herritar zein enpresei:
        ◦ Komunitate energetikoaren eta bazkidetzaren inguruko informazioa.
        ◦ Faktura energetikoa (gasa eta elektrizitatea) optimizatzeko aholkularitza zerbitzua, baita fakturaren azalpena ere.
        ◦ Diru-laguntzen inguruko informazioa (Energia berriztagarrien proiektuak finantzatzeko, autokontsumo eta autokontsumo partekatuta, eskuragarri dauden deialdiak eta abar)
        ◦ Birgaitzea energetikoa: aukerak, ezaugarriak eta diru-laguntzen aukera.
        ◦ Teknologia berriztagarrien inguruko informazioa eta ezaugarriak azaltzea.
        ◦ Eraikinen eraginkortasun energetikoa ziurtagiriaren inguruko informazioa eta betebehar legalak.
        ◦ Zaurgarritasun energetikoa: laguntzen informazioa.
        ◦ Hitzaldiak eta formazio saioak antolatuko dira.

Esan bezala, herritarrei eta enpresei zabalik egongo den energia bulegoa, Hernaniko Enherkomek kudeatuko du; honela, Hernani Burujabe herri proiektuarekin bat, energia bulegoa herritarrentzako eraldaketa energetikorako baliabide bat izan dadin.