Berriak
Atzealdea Martxoaren 8ko adierazpena
2025·03·07
Martxoaren 8an, Emakumeon Eguna, orain arte lortutakoa ospatzeko egunetik haratago, honaino iristeko borroka egin duen Mugimendu Feminista eta norbanakoen lana aitortzeko eta aurrera begirako erronkak mahai gaineratzeko eguna da.
Bizitzari baldintza duin eta justuetan eustearen aldeko apustua egiteko unea da: horrek begirada feminista eskatzen du erakundeetatik bultzatzen ditugun politika guztietan. Genero-desberdintasun estrukturalen gorakada errealitate ukaezina da: emakumeek beren gain hartzen jarraitzen dute zaintzen karga gehiena, ordaindua eta ordaindu gabea; eta azken honek gainera, prekarizazio norabidea nabarmen hartu du. Krisi egoera honi egoki erantzungo dioten erantzun integralak premiazkoak dira, esparru eta maila guztietan, globaletik tokikoraino eta alderantziz. Euskal Herrian, gure eskumen-esparru mugatuan, argi daukagu gure lurraldeetan gure bizitzaren burujabe ez garen bitartean ezin izango ditugula beharrezko aldaketa guztiak bultzatu: hala ere, badaude aukerak bide hori marrazten joateko, sisteman pitzadurak irekitzeko, eta, hain zuzen ere, tokikoa da eremu egokiena.
Horretarako, erakundeak koordinatu behar dira, eta bideak ireki herritarrek erabaki publikoetan benetan eta eraginkortasunez parte har dezaten, batez ere emakume-talde anitzek eta mugimendu feministak. Behar bezala aurre egin behar diogu daukagun erantzukizun publiko handiari, eta hori premisa feministetatik egin behar da, artikulazioa eta parte-hartzea bultzatuz, plan eta programa eraldatzaileak eginez, larrialdiei arreta emanez eta behar diren baliabide guztiak ahalbidetuz.
Egoera honen kontziente izan behar dugu eta horri erantzungo dioten politika publikoek emakumeek boteretzera ere eraman beharko lukete. Horretarako ezinbestekoa da Gobernantza Feminista aurrera eramatea. Gobernantza Feminista berdintasun politiketan historikoki kokatua izan da, Berdintasun Planen zutoinetako bat bezala eta honi Gobernu Ona esan zaio. Egiteko moduei, egiten denari baino gehiago begiratzean datza. Demokratizazio prozesu bat da oro har, lehentasunak definitzeko beste begirada bat; jarduteko eta lan egiteko prozeduretan aldaketa.
Berdintasun Politikek, azken urteetan, oinarrizko sistema bat sortu dute, baliabide eta planez josia. Ezinbestekoak izan dira, hainbat bide zabaltzeko, eta hauen garapenean oraindik bidea daukagu egiteko. Nabarmentzekoa da, indar ultrakontserbadoreek hauen kontra abiatu duten gurutzada, eta argi dugu horien defentsan eta sustapenean egongo garela instituzio bezala. Baina handik haragoko politikak behar ditugula esan nahi dugu gaurkoan, zeharlerrotasun erradikal bat martxan jarri behar dugu. Hau da, estruktura estankoak apurtu behar ditugu eta sail ezberdinen artean proiektu konpartituak eraiki eta kudeatu behar ditugu. Honi, Politika Feminista deritzogu, “emakumeen gaiak” izkinatik atera eta unibertsal bilakatzera jo nahi dugu. Zaintzaz, ekonomiaz, hirigintzaz eta Indarkeria Matxistaz, guztiaz, ikuspegi feministatik aritu nahi dugu.
Horregatik guztiagatik, Hernaniko Udaleko EH Bilduko Gobernu Taldeak eta Elkarrekin-Podemos udaltaldeak honako hau adierazten dute:
- Berdintasun Kontseiluaren erreferentzialtasuna mantentzea, gobernantza eredu parte-hartzaile eta demokratikoaren eredu.
- Mugimendu Feministak aldarrikatu zuen Zaintzaren inguruko Herri Akordioarekin bat egitea, eragile ezberdinekin osatutako Zaintza Mahaiaren bidez.
- IV. Berdintasun Planean jasotakoa betetzeko lan egitea.
- Jabetze Eskolak eta Kulturarteko Plaza Feministak behar dituen baliabideak bermatzen jarraitzea.
- Mugimendu Feministaren ekarpena eta lana aitortzearekin batera, herrian Martxoaren 8rako bultatuko dituen deialdiekin bat egitea.