Berriak
Atzealdea

MEET EUROPAKO JARDUNALDIAK. 1. eguna: Berdintasuna eta kulturartekotasuna sustatzeko Hernanik abian dituen politikak Europako ordezkariei ezagutarazten

2
"Justizia sozialerako politika publikoak" izenburuan Hernanin egiten ari diren jardunaldien aurrez aurreko saioak abian daude. Lehen eguna Europako ordezkaritzari eginiko ongietorriarekin hasi da. Famalicao (Portugal), Arcueil (Frantzia), Valsamoggia (Italia) eta Darbowa Gornicza (Polonia) Hernanirekin batera MEET proiektuan parte hartzen ari diren udalerrietako ordezkariak udalbatzar aretoan elkartu dira goizean.

2023·03·15


Xabier Lertxundi alkateak egindako harreraren ostean, Kulturarteko Plaza Feministara abiatu dira, bertan egingo baitira jardunaldien hitzartze eta ekintza gehienak. Gaurko egitarauan aurreikusita zeuden gaiak lantzen hasi dira eta Berdintasun politika publikoak Hernanin izan da lehen mintzagaia.

Jone Arrazola Berdintasun Arloko teknikariaren ahotik ezagutu dute Hernanin garatzen ari diren politiken ardatz nagusiak, hala nola, genero-zeharlerrotasuna, emakumeen ahalduntzea (jabetze-eskolen bidez, ikastaroen eta tailerren bidez), zaintzen demokratizazioa eta gizarte eraldaketa, indarkeria matxista eta memoria historikoa (kale izendegiaren lanketa).

Familacaoko ordezkariak galdetu du Berdintasun politikak martxan jartzea hasieran baino errazagoa den (bidea jada ireki delako) edo gero eta zailagoa den (politika horietan sakontzeak izan ditzakeen oztopoak direla eta). Arrazolak azaldu duenez, “arlo batzuetan onartu da emakumearen aldeko politika positiboak egin behar direla eta erakundeen aldetik ere nahiko onartua eta zabalduta dago ikuspegi hori. Dena dela, ekonomiarekin topo egiterakoan, “benetan sistema eraldatzea eta gizonezkoen supremazia hori gainditzea eskatzen duten aldaketekin erresistentzia handiagoa da”, esan du Berdintasun teknikariak.

Horretaz gain, Hernanin abian dagoen indarkeria matxistari aurre egiteko erakundeen arteko protokoloa, kale izendegia parekideagoa egiteko lanketaren emaitza (emakumezkoen 10 izen jarri zaizkie herriko kale eta plazei eta horren emaitza da Ibilbide Morea), Udal arlo guztietan berdintasuna sustatzeko politikak barneratzeko genero-zeharlerrotasuna, Kulturarteko Plaza Feminista bera emakumeentzako elkargune eta espazio seguru bihurtzeko egindako lana... jorratu dituzte goizeko saioan.

Bazkalostean, kulturartekotasuneko politika publikoen txanda izan da. Datorren astean irekiko den Harrera Bulegoa, Harrera Planaren azalpena, ikastetxeetan jatorriaren araberako segregazioa gainditzeko egitasmoa eta arrazakeriaren kontra lanean ari den AMHER-SOS Arrazakeria elkartearekin elkarlana izan dira hizpide nagusiak.

Eguna amaitzeko lehen aipatutako Ibilbide Morea ezagutzera joan dira bertaratutakoak.

Biharko jardunarekin itxiko dira Europako topaketak. Bigarren jardun horretan Hernani Burujabe tokiko burujabetzak lantzen dituen proiektu esanguratsu batzuk ezagutzeko parada izango dute Hernanira etorri direnek. Zehazki, auzozaintza, elikadura burujabetza, energia burujabetza eta tokiko moneta.

Arratsaldean Hernani Zero Zabor ziurtagiria lortu berri duen udalerria izanik, izendapen hori lortzeko egindako ibilbidearen aurkezpena egingo da. Bertatik bertara bisitatuko dituzte auzo-konpostajerako etxolak, gaikako bilketarako azpiegiturak, garbigune mugikorra, Zero Zabor hozkailua eta abar.  

Bidezko Eraldaketarako Udalerriak Europan (MEET) proiektuak administrazio publikoa eta gizarte zibila biltzen ditu, Europan aurrean ditugun erronkez jabetzeko eta horiei aurre egiteko lankidetza-moduak aztertzeko.

Proiektuak Euskal Herriko, Portugalgo, Poloniako, Italiako eta Frantziako kideak ditu eta Europan izango diren 8 ekitalditan jorratzen ari dira honako gai hauek: COVIDen osteko erresilientzia eraikitzea, pentsamendu sistemikoa, anti-arrazismoa eta justizia soziala, gobernantza partekatua eta ekonomia solidarioa.

 

1 2