Berriak

Atzealdea Merkataritza ekintzailetzara 50.000 € bideratuko ditu aurten Udalak

Martxan dauden merkataritza jarduerek negozio-lerro berriak irekitzea edo handitzeak egitea eta, etxebizitzetan dauden zerbitzuak lokal komertzialetara lekualdatzea lagunduko ditu Udalak lehenengoz

2026·04·27


Merkataritza ekintzailetza sustatzeko dirulaguntzak emango ditu aurten ere Hernaniko Udalak. Zehazki, hutsik dauden merkataritza lokaletan jarduera ekonomiko berriak jartzea edota ixtear dauden negozioen eskualdatzeak sustatzea izango da helburua. Herriko ehun komertziala mantentzera eta handitzera 50.000 € bideratuko dira. 

Aurten, diruz lagunduko diren merkataritza ekintzailetza jarduerak zabaldu dira. Izan ere, abian dauden jarduera ekonomikoek negozio-lerro berriak ireki edota establezimenduen handitzeak egiten badituzte, jarduera horiek ere diruz lagunduko dira, baita etxebizitzetan kokatzen diren zerbitzuak lokal komertzialetara lekualdatzeak ere. 

Lokalen alokairua eta erosketak; obrak eta berrikuntzak; jarduera berrien kasuan, ekintzaileen kotizazioak; edota Berriak elkarteko zein Hernani Burujabeko bazkidetzen kostuak lagunduko ditu Udalak. 

Urriaren 31 arte egongo da dirulaguntza eskatzeko epea irekita. 2025eko azaroaren 1etik egun hori arteko egindako gastuak lagunduko dira.

Bideragarritasun planak osatzeko doako zerbitzua ere eskaintzen da

Aldi berean, Udalak merkataritza jarduerak abian jartzeko eta bideragarritasun plana osatzeko doako zerbitzua ere eskaintzen du, Beterri-Buruntza Mankomunitatearen bidez. 

Laguntza hauei guztiei buruzko informazio osatua Plazara gunean jaso dezakete interesatuek, Merkataritza sailean. 

PLAZARA GUNEA:

Helbidea: Gudarien plaza, 5

Ordutegia: Astelehenetik ostiralera, 09:00-14:00

Telefonoa: 943 33 70 35

E-posta: merkataritza@hernani.eus