Berriak

Atzealdea Merkataritza Festak gazteak izango ditu protagonista aurtengoan

Irailaren 11rako egun osoko egitaraua prestatu da

2026·09·02


Hilaren 11n, ostirala, Hernaniko Merkataritza Festa ospatuko da. Gure erritmoa, gure herrian izango da aurtengo leloa. Hernaniko Merkataritza Mahaiak (Udala, Berriak elkartea eta Ekhilurrek osatua) eta Gazteria sailak indarrak batu dituzte aurtengo ekimena antolatzeko, Gazte Olinpiaden parte-hartzearekin. Hain zuzen ere, elkarrekin aurkeztu dute gaur egitaraua Merkataritza Mahaiko eta Gate Olinpiadetako kideek.

Patxi Ibarguren Tokiko Garapeneko zinegotziak adierazi duenez, "herritar gazteek ere komertzio txikiaren alde egiten duten hautua balioan jarri nahi dugu". Are gehiago, Ibargurenek gaineratu duenez, "garrantzitsua da merkataritzaren sektorea gazteen beharretara egokitzea. Uste dugu horrelako ekimenak baliagarriak direla herriko merkataritzaren eta gazteen arteko harremana sendotzeko".

Nagore Alvarez Berriak elkarteko lehendakariak hauxe gaineratu du: "Hernaniko zein inguruko herrietako herritarrak gonbidatzen ditugu antolatu ditugun ekintzetan parte hartzera. Gazteengana iritsi nahi dugu bereziki, gazteak gure saltokietara hurbiltzea baita sektorea biziberritzeko dugun erronka eta aukera nagusia".

Elkarlana, komunitatearekin lotura indartzeko bidea

Hirugarren Merkataritza Festa tematikoa izango da aurtengoa. Ibargurenek azaldu duenez, "herriko gazteei elkarlanerako proposamena luzatu genien Merkataritza Mahaitik, eta ilusioz hartu dugu Merkataritza Festa elkarrekin lantzeko ideia".

Ibargurenen arabera, "lankidetzan aritzea beti da ona. Honela, eragileen sarea indartzen dugu, proiektuak ezagutzera ematen ditugu eta sektoreko eragileen lana balioan jartzen dugu".  

Alvarezek, aldiz, Merkataritza Festak sektorearentzat duen garrantzia azpimarratu du. "Ekimen honek gure negoziei ikusgarritasuna emateaz gain, komunitatearekiko lotura indartzen du. Gazte Olinpiaden harira jarri gara harremanetan herriko gazteekin eta pozgarria da jaso dugun erantzuna".

Ekhilurrekin hobari gehigarriak

Berriak-etik adierazi dutenez, 50 establezimenduk baino gehiagok parte hartuko dute aurtengo Merkataritza Festan.

Egun horretan (hilak 11), Kaxkoa trafikoarentzako itxita egongo da 10etatik aurrera. Establezimenduek euren produktuak kalera atera eta ingurua apainduko dute, komertzio txikien azoka berezia osatuz. Gainera, izena eman duten establezimenduetan %5 eta %3ko hobari gehigarriak izango dituzte Ekhilurrekin ordaintzen duten erosleek. 

Gazteentzako, altxorraren bila eta hobari bereziak

Arratsaldean izango da eguneko ekintza potoloena: Altxorraren Bila, Gazte Olinpiadekin elkarlanean. Parte hartuko duten 10 taldeek komertzio txikiarekin zerikusia duten erronkak gainditu beharko dituzte. Eguna borobiltzeko, DJ Anonimousek Kaxkoko eta erdiguneko kaleak girotuko ditu ilunabarrean. 

Gazteentzako propio pentsatutako kanpaina bat ere martxan jarriko da Merkataritza Festan. Ekhilur sisteman duten parte-hartzea handitzeko asmoz, urte bukaera arte iraungo duen kanpaina abiatuko da. Honela, 18-30 urte arteko ekhilurren erabiltzaileek, erosketen araberako hobari bereziak jasoko dituzte. 

Igone Landatxe Ekhilur kooperatibako kideak aipatu duenez, "pizgarri horiekin gazteak erakarri nahi ditugu eta herriko saltokietan egiten dituzten erosketak sustatu". Patxi Ibarguren zinegotziak gaineratu duenez, "Ekhilur herriko tresna propioa ezagutu eta probatzera animatu nahi ditugu gazteak".

Hauxe izango da kanpainaren leloa: Ezagutu, probatu eta ohitura bihurtu. 

Omenaldia eta aitortza Kimu ileapaindegiari eta Mertxe Jimenezi

Merkataritza Festa Hernaniko merkatariei aitortza egiteko eguna izan ohi da. Horregatik, aurtengoan ere izango dira omenduak: Kimu ileapaindegia eta Mertxe Jimenez. Kimuk 25 urte bete ditu aurten eta Jimenezek erretiroa hartu berri du, urte luzez Berriak elkartearen buru eta bihotza izan ondoren. 

EGITARAUA:

10:00-13:30/17:00-20:00. Komertzio txikien azoka berezia

13:30. Omenaldia. Berriak elkartearen egoitzan

18:00. Altxorraren bila. Gudarien plazatik

20:00. DJ Anonimous. Erdiguneko kaleetan